Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Finala galdu arren, herrian txapeldun

Ataria 2025eko ekainaren 2a

Iñaki Artola pilotari alegiarrak harrera beroa jaso zuen Alegian, Bilbotik iritsi berritan. Herritar ugari zituen zain plazan, eta gertukoek opariak eman zizkioten.

«Ekartzen duen arren batzutan negarra / pena ta zer hobetu pentsatu beharra. / Galtzean pizten da maiz barruko indarra, / mingarria da baina / ez da beti txarra». Iñaki Artola pilotari alegiarrak duela gutxi kaleratu eta oihartzun handia izan duen Galdu eta irabazi bertso sortako bertsoetako bat da. Atzo, Buruz Buruko Txapelketako finala galdu ondoren egindako elkarrizketan, sentimendu gazi-gozoak zituela aitortu zuen: «oso ondo sentitzen nintzen, eta ikusten nuen banituela aukerak txapela lortzeko. Alde horretatik, pena sentitzen dut».

Bada, atzoko porrota mingarria izan zen, beraz, alegiarrarentzat. Mingarria bai, baina txarra? Elkarrizketa berean adierazi baitzuen lanean jarraitzeko indarra emango diola finala galtzeak.

«Batzuk aitzaki bila beti eta nonahi / bere bikoteari errua bota nahi / horrela dabilena nahastuta dabil, ai! / Partida gal lezake laguna ere bai», dio pilotariak arestian aipatutako sortako beste bertso batean. Atzo, baina, finala galdu ondoren, argi gelditu zen Artola oso maitatua dela herrian, eta hala adierazi zioten gertukoenek.

Bilbotik Alegiara iritsi berritan, harrera beroa egin zioten, eta opari asko jaso zituen. Lehenik, pilota eskolako haur eta gaztetxoek egindako pasilloa gurutzatu zuen, trikitilarien doinuek lagunduta, plazara iritsi arte; herritar ugari zituen zain bertan. Tartean, zenbait haurrek, beraiek egindako marrazkiak eman zizkioten pilotariari, eta Artolak oso eskertuta jaso zituen. Herritarren artetik heldu zen gero plazako oholtzara; guztiek heldu nahi zuten eskutik, edo bestela, besarkatu. Uneoro, irribarretsu zegoen Artola.

Artola oholtza gainean zegoela, banan-banan igo ziren lagunak eta ingurukoak, opariak egiteko: kuadrillakoek txapela eta zapi bana oparitu zioten, eta Imanol Irazustabarrenak bertsoak bota zizkion; Regina Sorarrain alkateak esker hitzak izan zituen eta oroigarri bat eman zion, hain zuzen, Elorri pilotalekuaren maketa; eta beste opari bat ere jaso zuen, Intxurre Pilota Elkarteko kideen eskutik, Ibon Azpilikuetak egina.

Artolak, oraindik ere irribarretsu, esker hitzak izan zituen herritarrentzat, eta bertsoa botatzera ere animatu zen:

Zenbat matteten nik herri hauxe

ezin zan izan bestela

nahiz eta gaur e aparte samar

geratu zaigun txapela

seguru nago hontatik ere

ze_ikasi badagoela

ta inork ez beza, ez dudik egin

lanen segiko detela

Amaitzeko, zenbait herritarrek agurra dantzatu zien, eta gero, 320 lagun elkartu ziren frontoian, elkarrekin afaltzeko. Alegiarrak ez ezik, inguruko herrietako lagunak ere bertan izan ziren.

Argazkiak: Ibon Azpilikueta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!