Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

«Lanean jarraitzeko indarra emango dit gaurko partidak»

Ataria 2025eko ekainaren 1a

10-3 atzetik joan, markagailua irauli, eta txapela oso gertu izan du. Tentsioak eta nekeak eragina izan badu ere, gustura sentitu dela aitortu du, baina partida amaitu berritan, sentimendu gazi-gozoak zituen.

Partida oso ona egin badu ere, Iñaki Artola Baikoko pilotari alegiarrak ezin izan du lehen mailako lehendabiziko txapela jantzi. Jokin Altuna lagunaren aurkako buruz buruko finala amaitu ondoren, irribarretsu erantzun die Euskadi Irratiko kazetariak egindako galderei.

Zer ari zara sentitzen une honetan?

Sentimendu gazi-gozoak ditut. Binakako finaleko sentsazio oso antzekoak ditut. Azken egunak handiak dira pilotarentzat, txikitatik gustura bizi izan ditugunak. Hori dela eta, partida on bat egin nahi izaten dugu, eta ez partida azkarra eta txarra eginda etxera itzuli. Bete-beteko partida izan da gaurkoa, eta giro ona antzeman dugu frontoian. Etorri diren zaleak, akaso, nire aldekoak ez horrenbeste, baina oro har, guztiak gustura egongo direlakoan nago.

Alde horretatik, sentsazio gozoa daukat, baina, bestalde, gazia. Aurretik nindoan markagailuan, eta gertu ikusi dut garaipena. Hiruzpalau tantoko aldea nuen, baina horiek ez dira alde handiak buruz burukoan, eta Jokinen aurka, are gutxiago. Egia da amaieran biok geundela nekatuta, eta eragina izan duela, baina ni oso ondo sentitzen nintzen, eta ikusten nuen banituela aukerak txapela lortzeko. Alde horretatik, pena sentitzen dut.

Pena aipatu duzu. Amaieran, askok pentsatzen zuten txapela gertuago zegoela Alegiatik Amezketatik baino.

[Barreak] Bai, hala zen, eta esango nuke jokoan hala erakusten ari nintzela; solte aritu naiz. Ez daukat sentsazioa bete-beteko partida egin dugula; akaso, erasoan bai, baina defentsa lanean pilota ez zitzaigun behar bezala sartzen eskuan, batik bat, bolean. Baina hori aurreikusten nuen finala jokatu aurretik. Horrelako partidetan tentsio oso handia izaten da, eta esango nuke biok nabaritu dugula tentsio hori frontoian bertan, eta bete-beteko tantoak jokatu ezin bagenituen ere, tentsio horren barruan oso ondo sentitu naiz. Ondo ateratzen zitzaidan pilota eskutik, eta batez ere oso ondo aritu naiz sakeak eramaten.

Markagailua irauli ondoren, hemeretzigarren tantoraino aurretik joan naiz, baina banekien berak ere gauza bera egin zezakeela, eta aurretik jarri zitekeela. Amaieran, galtzen duena beti gogoratzen da partidako zenbait tantotaz, baina ez da oso justua norberak huts egindakoekin geratzea. Berak ere huts egin zezakeen, eta ez da hala gertatu. Amaieran asko eman dio, eta asko asmatu du. Azken tanto errenkada bere merituei esker egin du, eta ez nire hutsei esker.

Binakakoan ez zen posible izan, gaur ere ez, baina badirudi Iñaki Artolari egunen batean norbaitek txapela jantziko diola.

[Barreak] Ez da erraza izango. Galdu berritan, pena sentitzen dut, baina beteta ere banago. Txapelaren borrokan jarraitzen dudanaren sentsazioa daukat. Galtzetik galtzera ere aldea dago, eta gaur, behintzat, amaierara arte borrokatu dudalakoan nago. Galdu arren, aurrera begira lanean jarraitzeko indarra emango didan partida izango da. Jokatu gabeko finalari buruz esan nuen ez nekiela gerora ondo edo gaizki etorri ote zaidan, amorrazioz jokatzen jarraitzeko balio izan didalako, eta gaur galtzeak ere, akaso, datozen urteetan berdin jarraitzeko balio izango du. Momentu zail honetan, zerbait ona atera nahian nabil.

Txapela pertsona batek jarriko dizu, eta Euskal Herri osoak bultza egingo du zure buruan ikusi arte.

Eskerrik asko hori esateagatik, oso polita da eta. Lotsatu egingo naiz. [Barreak]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!