Estreinakoz egingo dute Oinarria, antzerki amateurreko topaketa

Aitor Arroyo Askarai 2025eko apirilaren 29a

Intxurre antzerki taldea Inaxio Begiristainen omenezko obra prestatzen, Alegiako Elizpe zineman, 2022an. ENERITZ MAIZ

Guztira zortzi hitzordu antolatu dituzte, eta igandean izango dute lehena: haurrentzako Artearen komedian murgiltzen emanaldia. Topaketen barruan antzezlan berria estreinatuko du Intxurre antzerki taldeak: Argi dago komedia beltza.

Alegian lehenengoz egingo dute Oinarria, Inaxio Begiristainen omenezko amateur antzerki topaketa. Ekimenaren barruan zortzi hitzordu antolatu dituzte: bi haurrei bideratuta, eta beste sei, helduentzat. Eta izango da nobedaderik ere, hain zuzen, obra berria estreinakoz eramango duela oholtzara Intxurre antzerki taldeak: Argi dago komedia beltza. Bonuak dagoeneko eskuragarri daude, eta sarrerak banaka ere har daitezke.

Felix Irazustabarrena antolakuntzako kideak azaldu du antzerki taldea duela bizpahiru urte jarri zutela martxan, eta hasieran antzezlanak egitera «mugatzen» baziren ere, beste ekimen batzuk ere egin nahi zituztela herrian «antzerkirako zaletasuna sustatzeko». May Gorostiaga dute zuzendari, eta Irazustabarrenak aipatu du hark ere buruan zuela ideia: «Iaz Dulantzin izan ginen eta han egiten dute halako lehiaketa moduko bat. Bada, hortik abiatuta, baina lehiaren elementua alde batera utzita antolatu dugu topaketa».

Zortzi hitzordu eta estreinaldi bat
Zortzi hitzordu antolatu dituzte, guztira, eta horietatik bi izango dira haurrentzat. Hain zuzen, haurrei bideratutako Artearen komedian murgiltzen emanaldiak zabalduko du egitaraua, igande honetan. Hortik harago, ikuskizun bana emango dute, helduentzat, Arrasateko, Debako eta Segurako antzerki taldeek ere.

Eta izango da beste nobedade bat ere: ekainaren 12an estreinakoz taularatuko du Argi dago komedia beltza Intxurre antzerki taldeak. Jatorrizko testua Peter Shaffer antzerkigilearen Black comedy da, eta zortzi antzezlek gorpuztuko dute Alegian. Irazustabarrenak azaldu du «berezitasun bat» duela antzezlanak: «Itzalaldi bat gertatzen da, eta ilunpetan gertatzen da guztia». Hortik aurrera barre egiteko komedia bat dela zehaztu du, eta «polita» izango delakoan daude.

Aurretik Jo ezak berriro, Sam! obra ondu zuen antzerki taldeak, eta haren arrakasta ikusita, estreinalditik bi egunera programatu dute bigarren emanaldia, hain zuzen, ekainaren 14an. «Aurrekoan sekulako harrera izan zuen antzezlanak, emanaldi guztietan goraino bete genuen aretoan. Ea oraingoan ere arrakasta bera lortzen dugun», horrela hitz egin du Irazustabarrenak aurreikuspenen inguruan.

Emanaldietarako joateko bonuak dagoeneko eskuragarri daude herriko kultur etxean eta, gehienez, 150 salduko dituzte. Eta ikuskizunetako sarrerak banaka ere hartu litezke dagoeneko, leku berean.

Amaitzeko, festa gala
Ekimenaren azken hitzordua, berriz, ekainaren 22an izango dute: festa gala. Topaketak «borobiltzeko» jarduera sorta antolatuko dute egun horretarako, eta antolakuntzako kideak aurreratu du gonbidatuta egongo direla aurreko emanaldietan parte hartzen duten taldeak ere.

Egitarau zehatza, ordea, oraindik zehaztu gabe dutela aitortu du: «Momentuz lan handiena eskatzen digu estreinaldia prestatzeak. Ideiak baditugu, eta aste honetatik aurrera hasiko gara antolaketa zehazten. Festa kutsua izango du: opari batzuk banatu, aitortza eta omenaldi batzuk... Kalera ere aterako gara agian, bazkariren bat... Ikusiko dugu». Herriko gainerako eragileekin elkarlanean zerbait egin nahi dutela ere aurreratu du Irazustabarrenak.

'OINARRIA' ANTZERKI AMATEUR TOPAKETA

  • Maiatzaren 4a, 17:00. Artearen komedian murgiltzen (Intujai taldea, Tolosa).
  • Maiatzaren 9a, 22:30. Zopa (Xirikara antzerki taldea, Segura).
  • Maiatzaren 16a, 22:30. Lotura basatiak (Goaz antzerki taldea, Deba).
  • Maiatzaren 24a, 22:30. Hemen ez du inork ordaintzen (Doke antzerki taldea, Arrasate).
  • Ekainaren 1a, 17:00. Haurrentzako antzerki tailerra.
  • Ekainaren 12a, 20:00. Argi dago komedia beltzaren estreinaldia (Intxurre antzerki taldea, Alegia).
  • Ekainaren 14a, 22:30. Argi dago komedia beltza (Intxurre antzerki taldea, Alegia).
  • Ekainaren 22a, igandea. Festa gala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!