Artola_Binakako Finala

Artolaren finala, ingurukoen begietatik

Imanol Garcia Landa 2025ko mar. 27a, 17:00

Iñaki Artola pilotari alegiarraren lehen final handia nola bizitzen ari diren eta bizituko duten azaldu dute Andoni Otegi kuadrillako kideak, Jose Luis Zabala Intxurre Pilota Eskolako arduradunak eta Mikel Artola anaiak.

Lehen mailan bere lehen finala jokatuko du Iñaki Artolak igandean, Iruñeko Nafarroa Arenan. Binakako Pilota Txapelketa irabazten saiatuko da aurrelari alegiarra, eta berarekin batera Jon Mariezkurrena atzelaria. Aurkariak Ezkurdia eta Rezusta izango dituzte. 

«Izugarria» da Andoni Otegirentzat Artola finalera iristea. Kuadrillakoa da Otegi, eta lagunaren «jarraitzaile sutsua», partida gehienetara joan baita. «Beti erakutsi du finalean egoteko gaitasuna, baina lesioen erruz ez du izan horretara iristeko aukerarik». Jose Luis Zabala Intxurre Pilota Eskolako arduradunak eta Artolaren hasierako entrenatzaileak esan du «sabaia ukitzea» dela. «Intxurrerentzat ere asko esan nahi du: herriko pilotari bat, beti Intxurren izan dena eta orain ere bertan dagoena, guretzat izugarria da». Mikel Artola anaiarentzat «poz handia» izan da: «Horren zain egon gara, eta azkenean garaia iritsi zaio». 

Partiden ondoren, afarietan elkartu ohi da Otegi Artolarekin, eta pilotaz hitz egiten dute. Finalari buruz, baina, ez dira hainbeste hitz egiten ari. «Nik bakean utzi nahi diot. Partida baten aurretik beti audio mezua bidaltzen diot, eta larunbat honetan berdin egingo dut». Zabalak ere gertutik jarraitu du Artolaren ibilbide profesionala. Partida dezentetara joan da, tarteka gurasoekin batera. «Askotan egoten gara herriko pilotalekuan elkarrekin, pilotariekin, eta bakarka ere bai. Baina ez dugu asko hitz egiten bere partidaz. Finalari begira, esango nioke garaia iritsi dela hainbeste traba izan eta gero, eta lasai jokatu dezala». 

Anaia botilero ere izan du Artolak bakarka aritu denean. «Orain lasaiago hartzen dut. Nik, behintzat, distantzia gehiagorekin bizi dut frontoiko martxa, Iker Iriarte botilero hasi zenetik. Final batera ez bazen iritsi ere ez zen ezer gertatuko, eta orain, lasaitu den garaian, izan du zortea». Pilotaz asko hitz egiten du berarekin, txapelketan zehar ere bai. «Partida gehienak ikusi ditut, eta orain finalera begira ere hitz egin dugu». 

Urduri eta lasai
Finalaren aurreko egunak urduri ari da bizitzen kuadrillakoa: «Bere lehenengo finala da, aurrekoan sailkatu arren lesioarengatik ezin izan zuelako jokatu. Egoera berria da, eta oso gogotsu gaude». Zabalak hasieran nahiko normal hartu zuen Artolaren finalerako sailkapena. «Azterketetan gertatzen da ere: pentsatzen duzu ez duzula gaindituko, azkenean gainditu duzu, eta aurrera. Gero, jendea hasi denean gauzak antolatzen-eta, ikusi dut zer gogo zuen Iñaki final batean izateko». Finala jokatzeko aukera orain urte batzuk izanez gero, «euforia handiagoarekin» bizituko lukeela dio anaiak. «Orain lasai samar daramagu, iritsi den poz horrekin. Gurasoak pozez ari dira bizitzen, eta esan didate martxa handia dagoela herrian iganderako. Emozioz beteta daude, eta herritarrek hartu duten pozarekin eskertuta». 

Azken tantoa iritsi arte finala «oso urduri» bizituko duela dio Otegik. «Egun handi bat dator aurretik, eta ez dut hainbeste horretan pentsatuko. Nik lasai ikusten dut Iñaki». Igandean Nafarroa Arenan izango da, eta egun pasa «eder bat» egiteko asmoa du. «Gero herri afari eder bat egingo dugu. Berak hori ere nahiko luke eta ea bere ametsa egi bihurtzen den». Zabala ez da pilotalekuan izango, eta telebistaz jarraituko du: «Urduriago egongo gara, frontoian baino». Mikel anaia izango da pilotalekuan: «Nahiko nuke partida on bat ikusi. Bertatik pilota ikustea gozagarria da».  

Partida gogorra aurreikusten da, bi bikoteen ezaugarriengatik. «Hasieratik partidan sartu behar du Iñakik, eta Mariezkurrenak Rezustari ondo eusten badio atzean, Iñakik ausart jokatu eta aukera duenean bukatu egin behar du», zehaztu du Otegik. Zabalak ez du uste bikoteren batek alde egingo duenik markagailuan. Anaiak gauza bat garbi du: «Oraindik Iñakik eta Jonek ez dute bere partidarik onena jokatu elkarrekin, eta igandean maila ona emango dutela uste dut».  

Txapela ez bada lortzen, Otegik garbi du: «Berarekin egon, besarkatu eta gero afaldu». Zabalak dio Artola oraindik gaztea dela, eta final gehiago jokatzeko aukera izango duela. Anaiak gaineratu duenez, «finalera iristea zen helburua, eta hori beteta dago, eta ez da mundua bukatuko txapela lortzen ez badu». 

Txapela lortuz gero, «berarentzako ametsa den bezala, nik ere horrela bizituko dut», esan du Otegik. Herrian sekulako festa izango dela esan du Zabalak. «Hainbeste jende etortzekoa da afarira, hainbeste kamiseta eskatu dira... Bere garaian Realak liga irabazi eta herriz herri joan zenekoa bezalako harrera izango dela amestu dut». Mikel anaiak esan duenez, «berarentzako eta ingurukoentzako lasaitasun bat izango litzateke, errekonozimendu moduko bat». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!