Iñaki Artolak (Alegia, 1994) lehen aldiz jokatuko du lehen mailako pilota txapelketako final bat. Buruz buruko txapelketaren finalerako ere sailkatu zen 2021ean, baina lesio bat medio ezin izan zuen jokatu. Orain berriro iritsi da final batera, binakakora, eta Jon Mariezkurrenarekin batera jokatuko du, Iruñeko Nafarroa Arenan, martxoaren 30ean. Aurrean Ezkurdia eta Rezusta izango dituzte.
Zer suposatzen du final batean izateak?
Ilusio galanta dugu Jon eta biok, txapelketa hasi zen bezalaxe, final horretara iristeko, baina aldi berean bide baten barruan sartzen da. Aurreko urtean gertu egon ginen finaletik, eta azkenean lesioarengatik buruz buruko final hura ez banuen jokatu ere, nik bai bizitu nuen iritsi izanaren poz eta harrotasun hori. Partida bat gehiago da, partida garrantzitsu bat gehiago, misterio gehiagorik gabe.
Nola zaude fisikoki?
Ondo iristen naiz. Txapelketara lesio batetik nentorren, eta gero beste txiki bat izan nuen; uste dut ez dela kasualitatea, astebetean hiru partida jokatu baikenituen, eta pilotari guztioi gogorra egin zitzaigun. Ikusten genuen denbora bagenuela oraindik osatzeko eta gero aste bakoitza jokoan hobetzeko aukera bat zela. Azkenean plana ondo atera zaigu, eta finalera biok ondo iristen gara, molestiak sendatuta. Aitzakiarik ez dugu, eta garrantzitsua da, ikusi baita txapelketa hain luzea izanik nola iritsi den jendea bukaerara. Pilota kirol gogorra da, eta iritsi garen moduan iristea sinatuko genuen.
Asteburuan lortu zenuten finalerako txartela. Orduan hasten da burua ere prestatzen?
Burua prestatzen beti aritzen gara. Aurrekoan esan zidan enpresako batek ospatzeko, eta pentsatu nuen hamabost egun genituela oraindik eta ez dugula erotu behar. Baina nire joera askotan izan da partida irabazi eta gero afaltzera joaten bazara, eta aukera badago arroza eta bularkia eskatzeko, horixe jatea. Takoak kentzen hasten garenean segituan hasten gara hitz egiten hurrengo asteko entrenamenduez. Nahigabe hurrengoan pentsatzen hasten zara. Eta oraingoan ere berdin; final bat da, eta final batzuk jokatzetik gatoz. Play-offetako partida horrela izan zen, eta finalerdietakoak ere. Orain hamabost egun ditugu eta oraindik ospakizun giro horretan bagaude.
Buruz burukoaren final hura ez jokatzearen arantza baduzu oraindik?
Arantzarik ez dut. Izan nuen, eta atera nuen, eta ez orain berriro final batera iritsi naizelako, lehenago baizik. Beti final bat eta txapel bat nahi izaten dugu, baina pertsona bezala gauza guztietan gertatzen den moduan, antidoto onena iristea da. Iristen zarenean, eta ikusten duzunean hor ez dela ezer bukatzen eta hurrengo egunean berriro ere entrenamendua datorrela eta beste txapelketa bat... Ilusioa mantentzen duzu noski, baina ikusten duzu hau bukatzen denean buruz burukoa prestatzen jarraitu beharko dugula. Eguneroko lan horrek balio du, eta jokatzen duguna entrenamendu eta partida bakoitzean. Bolada batez mamu batzuk sortu zitzaizkidan frontoi batzuetara joaterakoan, eta uste dut ondo kudeatu dugula eta horrekin oso pozik nago.
Jon eta zu txapelketako momenturik onenean zaudete?
Nik uste dut baietz. Jon hasieratik oso ondo ikusi dut. Nik jokatu ez nituen partidetan lau partidetatik bi irabazi zituzten, eta hor meritu handia eman behar zaie Joni eta aurrelari bezala aritu zirenei. Nik behetik gora egin dut, geldirik egotetik nentorrelako, eta bikote bezala oraintxe gaude momenturik onenean. Horrek gero ez du bermatzen ezer, partida bakoitza ezberdina delako, eta txapelketan zehar ikusten da gauzak asko aldatzen direla. Ez dago kontrolatzerik noiz jokatuko duzun ondoen edo okerren, baina entrenamenduen aldetik eta konfiantza aldetik oinarri on batekin iristen gara.
Mariezkurrena II.arekin batera ariko zinela jakitean, espero zenuen finalera iristea?
Kanpotik, kazetarien aldetik eta, faboritoak hau eta hau dira esaten da, baina faboritoek ere lan asko egin behar izaten dute finalera iristeko. Kanpotik erraza ikusten dena, guk behin ere ez dugu horrela ikusten. Hasieran faborito etiketa hori jarri ziguten, baina guk ikusten genuen behin ere finalik jokatu gabeko pilotariak ginela, eta dozena erdi bat jokatutako hainbat zeudela tartean. Aldi berean, aukerak ikusten genizkion geure buruari, eta kanpotik hori esaten zutela ikusteak ere presioa sartu baino gehiago motibatu egiten gintuen. Bikotearen arabera ez duzu txapelketari berdin aurre egiten. Jonek aurreko urteetan erakutsi du bere maila; finalera ez da iritsi, baina finalerdietan egon da eta beti bukaeraraino iristen dela erakutsi du. Eta ni aurreko urtean finalerdiak jokatzetik nentorren, eta aurten elkarrekin izanda, gure helburua bazen finalerdietara iritsi eta zergatik ez finala jokatzea.
Finala jokatzea zaila dela garbi dago.
Bai, final bat jokatzeko hasteko onenen artean egon behar duzu. Ezin duzu iritsi kasualitatez. Eta gero behar den garaian gauza asko elkartu behar dira: zu zeu ondo egon behar zara eta aurkariek ez izatea bere egunik onena. Nire helburua azken urteetan bada behintzat finaletara iristeko borrokan egotea. Eta borrokan bazabiltz, txartelak erosi eta erosi, egunen batean tokatu daiteke. Oraingoan baiezkoa izan da. Badaude pilotari batzuk bere mailarengatik hamar finaletara iristeko gaitasuna dutenak. Eta nire kasuan ez dut uste izango naizenik hamar aukera izango dituen horietakoa. Batera iritsi gara, eta jarraituko dugu gerora ere borrokan gehiago iristeko.
Nola ikusten dituzu aurkariak?
Beti esaten da finaletan aurkari zailak izaten dituzula, eta partida gogorra izango dela, eta oraingoan ere horrela da. Txapelketak horrela erakusten du. Beraien aurkako azken bi partidetan gu txukun aritu ginen, eta hala ere galdu egin genuen. Beraiek hiru finalerdiak irabaztetik datoz, eskarmentu handia duten pilotariak dira, eta horrek denak erakusten du final gogor bat izango dela. Ez dago pentsatzerik urduri jarriko direla eta gauzak erraz izango ditugula. Beraien aurka egindako partidetan baino hobe aritu gaitezke; momentu onean iristen gara eta gure aukerak izango ditugu zalantzarik gabe, baina lana egin beharko dugu. Denok elkar ondo ezagutzen dugu, eta uste dut egunik onena duenak irabaziko duela.
Nafarroa Arenak bikoteren bati mesede egingo dio?
Frontoi gogorra da, eta partidak oso fisikoak bihurtzen dira. Beraiek oso gogorrak dira, eta guk ere erakutsi dugu partidak luzatzen direnean ondo aguantatzen dugula. Ez dakit esaten.
Herriaren babesa ari zara jasotzen dagoeneko.
Bai, eta ez da oraingoa bakarrik. Oso herri pilotazalean bizi gara, zorionez. Nik beti sentitu dut maitasun eta babes hori, eta finalerako oraindik gehiago. Badakit jendea ari dela bere festa prestatzen, baten bat jai eskatzen eta horrek poztu egiten nau: jendeak bizi dezala festa bat bezala eta gozatu dezala.