Herritarren artean egur sortak banatuko ditu Alegiako Udalak

Ataria 2025eko martxoaren 13a

Herritarrek dagoeneko eskatu ditzakete sortak eta hainbat bidetatik egin dezakete: udal webgunean, mugikorrerako aplikazioan zein bulegoan. Martxoaren 27a izango da eskaera egiteko azken eguna.

Duela aste batzuk Oria ibaiaren Alegiako pasabidean sahatsak mozten aritu ziren, eta bertatik soberan geratutako egur sortak herritarren artean banatuko ditu Alegiako Udalak. Interesa duten alegiarrek hiru modutan egin dezakete eskaera: udalaren web orrialdearen bitartez, mugikorrerako aplikazioaren bidez edo udaletxeko bulegora bertaratuz.

Dagoeneko zabalik dago sortak eskatzeko epea, eta martxoaren 27a izango da horretarako azken eguna. Dena dela, zenbait baldintza bete beharko dira egurra jasotzeko, besteak beste, norbere erabilerarako izatea eta ez saltzea edo ematea beste inori. Eskaera kopuruak eskuragarri dauden sortak gaindituko balitu, udalak zozketa publiko bidez banatuko ditu sortak.

Baldintza guztiak eskuragarri daude Alegiako Udalaren web orrialdean.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!