Hiru diru laguntza jaso ditu Alegiako Udalak berritze lanak sustatzeko

Ataria 2024ko urriaren 23a

Alegiako Larraitz auzoko ekialdeko berritze lanak. ALEGIAKO UDALA

Dirulaguntza kopuru bana jaso du udalak hiru proiektutan: Larraitz auzoko ekialdeko lanetan, osasun zentroa berritzeko egitasmoan eta erretiratuen taberna berritzeko proiektuan.

Hainbat dirulaguntza jaso ditu Alegiako Udalak herriko zenbait azpiegituren eraberritzeei «bultzada bat» emateko. Larraitz auzoaren ekialdea eraberritzeko lanetarako izango da laguntza lerro bat eta, beste biak, osasun zentroa eta jubilatuen taberna eraberritzeko.

Erein programak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak biltzen ditu eta 300.000 euro esleitu dizkio Larraitz auzoko ekialdea eraberritzeko proiektuari. Udaletik azaldu dutenez, ebazpenean «kontuan hartu» dituzte berritzeko lanetan irisgarritasuna, energiaren efizientzia (argiteria) eta hirigintza zein hornidura «berritzeak eta garatzea», eta horrek «ahalbidetu du» diru kopuru hori jasotzea.

Osasun zentroa eta jubilatuen taberna
Horrez gain, osasun zentroaren eta erretiratuen tabernaren proiektuek ere jasoko dituzte dirulaguntzak. Batetik, osasun zentroari dagokionez, aurten, 195.000 euro jaso ditu udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailetik; eta, iaz, 246.000 euro ere jaso zituen egitasmo bererako.

Bestetik, eraikin berari lotuta, baina erretiratuen taberna berritzeari dagokionez, beste 100.000 euro jaso ditu udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen zerbitzurik. Udalarentzat ekarpen horiek «bultzada garrantzitsu bat» izango dira herriak «merezi duen» osasun zentro bat izateko eta jubilatuentzat «gutxieneko baldintzak» beteko dituen taberna bat izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!