Alegiako Larraitz auzoaren ekialdean hasi dituzte lanak eta hamaika hilabete irautea aurreikusten dute. Obrak «irisgarritasuna hobetzea» du helburu eta auzoak ikastetxearekin zein kiroldegiarekin dituen loturak ere «hobetu» nahi dituzte. Horrez gain, kale argiteria ere berrituko dute, LED argiak jarriz.
Regina Sorarrain Alegiako alkateak nabarmendu du lanekin herritarren «bizi kalitatea» hobetuko dutela: «Zoruaren kota zeroan jarriko da. Oso espazio markatuak izango dira jakiteko nork ibili behar duen nondik: bai autoentzat bai oinezkoentzat. Horrek esan nahi duena da asko hobetuko dela egunerokotasunean herritarrek hau dena erabiltzeko modua».
Hainbat eragozpen sortuko dituzte lanek, tartean, aparkalekuak ezin erabiltzea. Horri aurre egiteko, udaletik aparteko aparkalekuak jarri dituzte «aurretik ez zeuden bezala». Era berean, azaldu dute lur guztia ez dutela batera altxako: «Fase ezberdinetan egingo dira lanak, hamaika hilabete horien barruan ahalik eta eragin txikiena sortzeko; batez ere aparkalekuekin». Horrez gain, industriagunean ere margotu dituzte aparkalekuentzako lerroak eta «indartu» egingo dute argiteria obra garairako.
Herriko alkateak esan du obra «oso handia» dela eta datorren urteko uztailera bitarte iraungo duela. Azaldu dutenez, bi milioi euro inguru bideratu dituzte obra egiteko, eta kopuru horren %85 ordainduko du Alegiako Udalak. «Bi erakunde horien arteko elkarlan handia dago. Hitzarmen bat sinatu da, ohikoa den bezala, eta hamaika hilabetetan bukatzea aurreikusten da. Abuztuan hasi ginen, eta ea datorren urteko festetarako gauzak nahiko taxututa edo gauzatuta dauden».