Urriko kultur egitarauaren barruan hainbat herritarren artean antolatu dute Anormal eguna, eta bigarren edizioa izango du aurten. Hector Colinas Artola da antolatzaileetako bat eta azaldu du iazko «egitura antzekoa» izango duela aurten ospakizunak.
Joan den urteko edizioan Alegiari buruzko argazki zaharren erakusketa bat antolatu zuten herriko argazki zaleen taldearekin elkarlanean eta, herritarrei «gustatu» zitzaiela iritzita, aurten «antzeko zerbait» egitea bururatu zaie: «Garai bateko kontuak gogoratzen hasi eta baten bati okurritu zitzaion Marotias bizikleten topaketa edo argazki erakusketa egitea».
Hain zuzen, Alegian egiten zituzten bizikleta horiek, modu artisauean, eta Marotias sendia «nolabait omentzeko» baliatu nahi dute egitasmoa. Hori horrela, Marotias bizikleten topaketa eta garai bateko argazkien erakusketa egingo dituzte urriaren 26ko goizean.
Gainerako jarduerak
«Egunez ospatzeko festa antolatu nahi dugu; gauez nahikoa aritu gara eta honezkero zahartu ere egin gara», erdi barrez hitz egin du Colinasek Anormal eguneko egitarauaren inguruan. Goiza bizikleten lantegia egon zen eraikinaren parean hasiko dute: han elkartu, bizikletan «itzuli txiki bat» egin eta plazan elkartuko dira, bertan egongo baita bizikleta horien garai bateko argazkien erakusketa.
Esposizioa eta topaketa osatzeko, berriz, herritarrei eta ingurukoei zabaldu diete gonbidapena: «Alegiarrak martxan jarri ditugu, baina inguruan jendeak bizikletarik eta haien argazki zaharrik edukiko balu, bidal ditzatela eta etor daitezela egunean bertan parte hartzera». Eguerdirako bazkaria eta, arratsaldean, zirku erakustaldia eta trikiti emanaldia ere izango dituzte. Gainerako xehetasunei buruz, berriz, antolatzaileak azaldu du «oraindik zehazten» ari direla zenbait jarduera.
Elkarlanerako aukera
Argazki erakusketa elkarlanean antolatu dute Alegiako argazki zaleen taldearekin eta harremana «ona» dela aipatu du Colinasek: «Iaz ere jo genuen haiengana eta lagundu ziguten erakusketa martxan jartzen. Aktibitate handiko taldea da eta, egia esan, asko lagundu digute».
Zentzu horretan, aurtengo erakusketa osatzen laguntzeko bizikleten garai bateko irudiren bat partekatu nahi duenak kulturkabina@gmail helbidera bidaltzeko eskatu dute.