Urriko kultur egitaraua ari dira egiten Alegian

Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 10a, 11:59

Sutarri dantza taldeak urriaren 20an egingo du Dantzari txiki eguna. A. ARROYO

Urrian egiteko bost egitasmo prestatu dituzte Alegiako Udalak eta herriko eragileek; lehenengoa atzo egin zuten, eta hilaren 20tik aurrera izango dira gainerako jarduerak.

Urriko kultur egitaraua osatu dute Alegiako Udalak eta zenbait eragilek, hain zuzen, hilabete honetarako jardueren eskaintza. Guztira, bost ekimen antolatu dituzte eta atzo egin zuten lehenengoa: ipuin kontaketa saio «berezia». Gainerako hitzorduak udalarekin elkarlanean antolatu dituzte herriko hainbat eragilek.

Alegiako Udaleko Andrea Larrañaga kultur eta kirol zinegotziak uste du jarduna «asko» errazten duela elkarlanak: «Udala eta kultura batzordea arduratzen dira egitarauak osatzeaz, baina herritarrek parte hartuta asko errazten eta aberasten da dena». Eta, hari berari tiraka, egutegiko hurrengo hitzordua nabarmendu du: Dantzari txiki eguna, hilaren 20an. Alegian ez da ospatu egun hori zenbait urtez eta, aurten, berriro antolatu du Sutarri dantza taldeak. Zentzu horretan, «horrelako egun bat» antolatzeak dakarren lana «aitortu» eta eskerrak eman dizkie dantza taldekoei.

Hileko azken zazpi egunak
Gainerako hiru hitzorduak urriaren 24tik 31era bitarte egingo dituzte. Hain zuzen, hilaren 24an egingo du tertulia literarioa herriko irakurle taldeak eta Karmele Jaio idazlearen Maitasun kapitala landuko dute. Liburutegian egingo dute saioa eta bertan egongo da idazlea ere.

Alegiarrek urriaren 26an izango dute hurrengo proposamena: Anormal eguna. Aurten bigarrenez ospatuko dute eta herritarren talde batek antolatu du. Egitarauko azken hitzordua, berriz, hilabeteko azken egunean egingo dute, hain zuzen, Gau beltza. Larrañagak azaldu du elkarlanean ari direla antolatzen egitasmoa Gaztelekuko gazteekin, eta oraindik ezin dutela aurreratu zehazki zer egingo duten.

Udaleko ordezkariaren hitzetan «herritar guztientzat» jardueraren bat bermatzen ahalegindu dira: «Hainbat adinetako herritarrak ditugu, eta denetariko zaletasunak dituzte. Bada, guztiak kontuan hartzen saiatu gara».

Ipuin kontaketa zientifikoa
Lehen aipatu bezala, atzo egin zuten lehen jarduera: ‘Ilargira joateko prest?’ ipuin kontaketa saio «berezia». Bertan Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak zenbait jolas eta ariketa prestatu zituen «etxeko materialekin» haurrek «esperimentatuz» ikasi ahal izateko. 45 minutuko saioan «arriskurik gabe» landu zituzten dentsitatea, grabitatea, elektrizitatea eta kimika, besteak beste.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!