Alegiako jaiak 2024

Festen emaitzarekin «oso gustura» daude Alegiako Udalean

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uzt. 18a, 07:57

Regina Sorarrain alkateak nabarmendu du adin guztietako herritarrek «gozatu» dutela jaiez, eta eskerrak eman dizkie lanean aritu diren boluntarioei, langileei eta eragileei.

«Primeran joan dira festak, primeran. Oso gustura sentitzen gara, batez ere, adin guztietako herritarrek gozatu dutelako festaz; eta, gainera, ingurutik ere jende andana gerturatu zaigu», horrela hitz egin du herriko jaiak bukatu berritan Alegiako Regina Sorarrain alkateak. Hainbat berrikuntza izan dituzte aurten, eta festak aurrera eramaten nolabait lagundu duten boluntario, eragile eta langile guztiei eskerrak eman dizkie udal ordezkariak.

Aurten zenbait jarduera lehenengoz egin dituzte, eta «guztiek ala guztiek arrakasta» izan dutelakoan dago alkatea. Zentzu horretan nabarmendu ditu ostiraleko Baron Rojo taldearen kontzertua; larunbateko auto eta motor klasikoen topaketa eta irrati zaharren erakusketa; eta igandeko sokamuturra –iaz berreskuratu zuten– eta pentatloi erakustaldia.

Horiez gain, «urteroko hitzorduek» ere «oso ondo funtzionatu» dutela gehitu du, eta adibidetzat aipatu ditu bertso saioa, erromeriak eta buruhandiak zein erraldoiak. Hari berari tiraka, azken horien lana ere goraipatu du: «Lan ikaragarria egiten du erraldoien taldeak: urte guztian zehar lantzen dituzte dantzak, entseguak... Eta erraldoi zein buruhandi berriak ere egin dituzte». Lan horri udaletxetik «balio handia» aitortzen diela ere nabarmendu du, eta denek jabetu beharko luketela ez dela «kalean ikusten dena bakarrik».

Horrekin batera, astelehen gaueko Puro Relajo taldearen emanaldia ere gogoan izan du alkateak: «Izugarria izan zen. Gazteak, helduak eta adinekoak, denak batera aritu ziren plazan abesten eta dantzan. Hori oso gogobetegarria izan zen guretzat eta oraindik emozioen zurrunbilo horretan gabiltza». Egitarauak «oro har, arrakasta» izan duelakoan dago alkatea: «Herritar orok topatu du bere lekua Alegiako festetan, eta hori oso positiboa da. Izatez, guretzat hori da positiboena».

Prebentzio neurriak
Festak hasi aurretik udal korporazio osoak ikastaro bat egin zuen herriko Eztanda talde feministarekin eta hortik abiatuta eguneratu zuten jarduteko protokoloa. Horrez gain, jaiak iraun duen bitartean elkarlanean antolatu dute «etxera bakarrik ez joateko puntua». Lankidetza hori «oso positiboa» dela aipatu du Sorarrainek, eta gehitu du udalean «momentuz» ez dutela jaso erasoen inguruko «jakinarazpen ofizialik».

Herritarren iritzia
Udaleko ikuspegitik harago, herritarren «iritzia ezagutzeko» galdetegi bat zabalduko dutela aurreratu du Sorarrainek: «Guretzat oso garrantzitsua da jendearen iritzia eta iradokizunak jasotzea. Zer hobetu izango dugu, egitarau batek beti duelako hobetzekorik. Herritarrek esateko duten guztia entzun nahi dugu».

Ez da hori izango ekarpena egiteko aukera bakarra, hain zuzen, jaiak baloratzeko bilera irekia egingo baitute festa batzordetik ere. Hitzordua oraindik zabaldu ez badute ere, «epe laburrean» iragarriko omen dute.

Eskertze mezua
Alegiako alkatearen iritziz eskertu egin behar da «festen atzean» dagoen lana, eta zentzu horretan ekarri ditu gogora udaletxeko langileak, boluntario guztiak, herriko eragileak eta festa batzordea. 
Hain zuzen, azken horren lana ere goraipatu du, eta nabarmendu «urte guztian zehar sekulako lana» egin duela, eta festetan zehar ere «azkar erantzuteko gaitasuna» frogatu duela.

Erlazionatuak

Alegiako erraldoiak; txikitik, handi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga uzt 18 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!