Alegiako jaiak 2024

Alegiako erraldoiak; txikitik, handi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2024ko uzt. 18a, 10:59

Lau urte igaro dira jada mezu hau jaso nuenetik: «Euskal Herriko erraldoirik handienak egin dizkiat eta laguntza behar diat hauek maneiatzeko».

Lagun min bati egin behar nion fabore puntual bat izan behar zuena, Alegiako Erraldoi Konpartsa bihurtu da, eta Alegiako jaietako jende askorentzat ezinbesteko zita. Erraz esaten da baina, zazpi erraldoiko konpartsa dugu Alegian: Juanito eta Karmele, Euskal Herriko bi erraldoi handienak; Angela eta Joxe Mari erraldoi ertainak; Tartalo eta Santxo erraldoi txikiak eta munduko erraldoi txikiena den Joxi… Eta haien artean Ramon Batixte buruhandi txintxoa, bere gurdi eta bozgorailuarekin haurrei gozokiak banatzen eta beraien txupeteak biltzen «Traperoooo! Trapu zaharrak!» oihukatuz.

Erraldoi baten barruan sartzean, handi bihurtzen zara jendearentzat. Hain handi, non inork ez dizun aurpegira begiratzen, denek gora begiratzen dute. Baina handia zaren arren, ez dituzu goitik bista ederrak ikusten; behean zaude, egur eta arropa artean, ia itsua, festa leihatila txiki ilun batetik ikusiz. Erraldoi barruan udako tenperatura gozoa hamar gradu igotzen da, izerdi pats, erraldoiaren pisu guztia zure sorbaldetan kokatzen da egurrez osatutako kaiola horretan. Eta izerdi patsetan, 45 kiloko pisua gainean eta ia itsu zauden egoera horretan, dantzak eta kalejirak egin behar dira eta tentuz ibili erraldoia ez dadin zubitik behera erori eta festetako trending topic bihurtu! Hurrengo egunean agujetak, belauneko minak eta sorbaldak gorri-gorri. Ahaztu egiten zaigu, baina izaki handiei bizi eman nahian gabiltzan gixon txikiak gara. 4,38 metro eta 45 kilo dituen Karmele erraldoiaren alboan nindoala, barruan zihoan erraldoilariaren aurpegi izerditua ikusi nuen «Zertarako hau dena?» galdetu zidan.

Eta orduan gure atzetik Kale Beheran barrena zetorren jendetzari begira geratu nintzen, inoiz baino jende gehiago elkartu zen erraldoiekin bat egitera, nahiko luke Baron Rojok horrelako jendetza elkartu. Heldu, gazte, zahar, haur txikiak, alegiarrak, Alegiatik kanpokoak, euskaldunak, ez euskaldunak, erraldoizaleak eta ez erraldoi zaleak, denak festa giroan besterik gabe dultzainero eta erraldoi konpartsaren atzetik, bakoitza bere moduan izaki handi haien magiaz gozatuz.

Aitona batek bere biloba txikia besoetan hartu zuen eta Karmelerengana hurbildu zuen agur egiteko esanez, haurrak muxu bat bota zion Karmeleri eta Karmele haurraren aurrean dantzan geratu zen, aitonaren eta bilobaren pozerako. Andre heldu batek berebiziko txaloak egin zituen bere gurpildun aulkitik erraldoiak hurbiltzen ikustean eta besoa luzatuz agur egin zuen irribarrez. Ama batek bi seme bikiak hartu eta argazki bat ateratzeko baimena eskatu zidan, biki bakoitza erraldoiaren esku banatik helduta jarri eta txikien argazki bildumarako argazki bikain batekin joan zen etxera. Aitaren besoetan ozta-ozta zegoen hilabete gutxiko haurtxo bat zur eta lur geratu zen Karmele ikustean. Adin ertaineko gizon batek, bere txikitako ilusioa bete zuen Jaunitoren barruan sartu eta erraldoi bat «maneiatuz» eta baziren Juanito eta Karmele Alegiako zubi zaharrean Txintxarri polka abestia dantzatuz ikustean hunkitu egin zirenak ere.

Erraldoiek badute magia berezi bat, jendea elkartzen duena, festa giroa zabaltzen duena eta orain lau urte zorakeria bat zena… Konpartsa bat bihurtzen duena. Txikiak ginen eta handiak egin gaituzte. Aupa zuek.
 
Jon Ander Galarraga, Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!