Alegiako Gaztelekuak izan duen harrerarekin «oso pozik» arduradunak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mai. 16a, 19:58

Zenbait urtez itxita egon ondoren berriro zabaldu dute Alegiako Gaztelekua; joan den astean egin zituzten ate irekietako saioak.

Alegiako Udalak Gaztelekua zabaldu du berriro eta espazioa aurkezteko ate irekien saioak egin zituzten joan den astean. Alaitz Olano arduratuko da zerbitzua kudeatzeaz –eta, aurrerago, udalekuez– eta nabarmendu du helburu duela, besteak beste, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea lantzea «modu iraunkor eta egonkorrean».

Guztira 80 haur eta nerabe inguru gerturatu ziren joan den asteko saio irekietan Gaztelekua bisitatzera. Olanok kontatu du espero zuela «jende asko» bertaratzea: «Aurkezpen batzuk egitera joan nintzen ikastetxera, eta hor konturatu nintzen behar handia zegoela eta posible zela jende asko etortzea». Dena dela, zehaztu du aurrera begira ikusi beharko dutela ea «hasierako kontua» den ala denboran luzatzen den taldeak «horren handiak» izatea.

Bilakaera edozein dela ere, parte hartu nahi dutenekin talde txikiagoak osatuko dituztela aurreratu du arduradunak, txanda batean hezitzaile bakarrak ezin omen dituelako kopuru horiek kudeatu. Hain zuzen, talde horien arabera zehaztuko dute Gaztelekuaren ordutegia ere.

Zabalik, adin guztientzat
Momentuz, Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken mailara bitarte eskaintzen dute zerbitzua. Olanok azaldu du, ordea, lanean ari direla eskaintza Batxilerrera ere luzatzeko, hots, hemezortzi urte artekoetara.

Arduradunaren hitzetan, «planteamendu oso bat» prestatu behar da adin ezberdinetako haurrekin, nerabeekin eta gazteekin lan egiteko: «Eskaintza pentsatzeko aurretik lan handia egin behar da. Esperimentatzea ere izango da bidea jakiteko ea zer gustatzen zaien. Izan ere, adinaren arabera ezberdintasun handiak egoten dira».


Joan den asteko ate irekietako une bat. ALEGIAKO GAZTELEKUA

Komunitatearen parte
Hainbat helburu izango ditu Gaztelekuak, horien artean, Alegiako haurren, nerabeen zein gazteen nahiak eta beharrak identifikatzea, horien araberako jarduerak prestatzea eta «herriko komunitatean» euren parte hartzea sustatzea.

Nola hasi, baina, hori guztia aurrera eramaten? Zerbitzuko arduradunaren hitzetan «pausoak pixkanaka» eman behar dira. Aitortu du hasiera «xelebre samarra» izan dela, Gaztelekua ikasturtearen amaieran jarri delako martxan.

Hori, ordea, ez omen da traba izango eta bere asmoa da, lehenengo, haurrak ezagutzea; segidan, eurekin «espazio seguru» bat sortzea eta, ondoren, nolako espazioa nahi duten denen artean diseinatzea, hurrengo urtean forma emateko.

Helduagoekin ere bide orri bera jarraituko du eta, aldi berean, udalekuak landuko ditu; izan ere, «aukera eman» nahi die zein jarduera egin nahi dituzten proposatzeko.

Aisialdi taldea helburu
Aisialdi talde bat sortzea da zerbitzuaren beste helburu bat. «Jakina, ondo pasako dugu eta denetariko jarduerak egingo ditugu», horrela hitz egin du Olanok proiektuaren inguruan, baina nabarmendu du ez dela «entretenitzeko bakarrik» izango.

Haren ustez talde hori «gakoa» litzateke gazteenek herri komunitatearen kontzientzia garatzeko, eta «izaera kritikoa» zein «lotura sentimentala» uztartzeko. Eta etorkizunean herrian parte hartze aktiboa sustatzeko ere garrantzitsua dela azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!