Alegiako Gaztelekuak asteazkenean zabalduko ditu ateak

Ataria 2024ko mai. 6a, 16:59

Ezkerretik eskuinera: Pili Palomares eta Maialen Landart zinegotziak, Alaitz Olano Gaztelekuko koordinatzailea eta Andrea Larrañaga zinegotzia. ALEGIAKO UDALA

Asteazkenetik larunbatera ate irekien saioak egingo dituzte herritarrek zerbitzua ezagutu dezaten. Zerbitzua maiatzaren 8tik ekainaren 22ra egongo da zabalik; eta, aurrerago, irailean zabalduko dute berriro.

Asteazkenean zabalduko dute Alegiako Udaleko Gaztelekua. Zerbitzu horrek aisialdi taldea sortzeaz gain, haurren, nerabeen eta gazteen parte hartzea lantzeko asmoa du modu iraunkor eta egonkorrean. Udaletik azaldu dutenez: «Beraien beharretatik eta nahietatik abiatutako zerbitzua izango da, horrela herrian ere haien iritzia, zuzeneko presentzia, beharrak eta nahiak egongo dira une oro presente.  Beraz, proiektu honi esker, Alegiako eta inguruko herrietako haur, nerabe eta gazteei beren haurtzaroaz eta gaztetasunaz gozatzeko aukera eskainiko zaie».

Zerbitzua ezagutzeko ate irekien saioak egingo dituzte asteazkenetik ostiralera eta, aldiro, adin batera bideratuko dute saioa, hain zuzen, asteazkenetan 16:30-18:30etara LH 1, 2 eta 3koentzat; ostegunetan 16:30-18:30etara LH 4, 5 eta 6koentzat; ostiraletan 16:30-19:30etara: DBHkoentzat; eta larunbatetan 16:30-19:30etara: 2007-2008 urteetan jaiotakoentzat. Dena dela, ordutegiak behin-behinekoa direla ohartarazi dute, eta «ordutegi egokiena» denen artean eta «taldea finkatzen denean» erabakiko dutela aurreratu dute.

Ikasturte honetan maiatzaren 8tik ekainaren 22ra egongo da zabalik Gaztelekua, eta ekainaren 24tik 30era itxita egongo da udalekuak egingo dituztelako herrian. Datorren ikasturtera begira, berriz, irailean irekitzea aurreikusten dute.

Gaztelekuaren helburua
Kalexka elkarteak kudeatuko du zerbitzua eta, Alegiako Udaletik azaldu dutenez, «entretenimendurako ekintzak antolatzetik harago» doa proiektua. Hezitzaileek eta begiraleek zuzenduko dute eta aisialdian herriko guneetara eta bertako inguruetara joko dute jarduerak egiteko. 

Udaleko ordezkarien hitzetan, Gaztelekuaren helburuetako bat da «herritar aktiboak» sortzea eta «herriarekiko loturak» sortzea, sendotzea, astintzea eta eragitea. Era berean, nabarmendu dute gaur egungo «haurren, nerabeen eta gazteen eskubideak bermatuz» herri txikien bilakaeran «parte hartze aktiboa» izango duten eragileen sorrera ahalbidetu nahi dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!