Amaitu dituzte irisgarritasuna hobetzeko lanak Alegiako tren-geltokian

Ataria 2024ko martxoaren 26a

Alegiako tren geltokiaren artxiboko irudia.

Arrapalen irisgarritasuna hobetzeko lanak joan den urteko azaroan jarri zituen martxan Renfek, Alegiako trenen geralekuan.

Alegian joan den urteko azaroan jarri zituen martxan Renfek tren geltokiko pasabideetara sartzeko arrapalen irisgarritasuna hobetzeko lanak. Helburua aipatutako arrapala horiek irisgarritasun araudira egokitzea izan da, eta horretarako 115.932,42 euroko inbertsioa egin du Renfek.

Hilabete honen hasieran bukatu zituzten lanak Alegiako trenen geralekuan, eta herriko Regina Sorarrain alkatearen hitzetan «harreman oso ona» izan dute «uneoro» Renferekin: «Haiekin izan dugun komunikazioa oso ona izan da hasiera-hasieratik, eta horrelaxe mantendu da lanek iraun duten bitartean».

Hari berari tiraka Alegiako alkateak gaineratu du «gertutasun handia» sentitu duela Renfeko langileekin, eta azaldu du «frogatu diotela» herritik egindako iradokizunak «kontuan hartu» dituztela lanak egiteko garaian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!