Palestinaren aldeko hainbat jarduera egingo dituzte Alegian

Aitor Arroyo Askarai 2024ko mar. 12a, 07:59
Gernika Palestina herri ekimenak antolatuta Gazako argazkiak jarri zituzten Tolosako Trianguloa plazan, hilabete hasieran. R. CALVO

Gaur arratsaldeko 19:00etan hitzaldia emango du Txente Rekondo irakasle eta nazioarteko analistak; larunbat honetarako, berriz, hainbat ekimen antolatu dituzte.

Aste honetan Palestinaren aldeko hitzaldi bat eta hainbat jarduera antolatu ditu Alegiako Gernika-Palestina elkartasun sareak. Gaur hitzaldia emango du Txente Rekondo irakasle eta nazioarteko analistak; 19:00etan hasiko da, eta hasiera batean herriko kultur etxean egiteko asmoa bazuten ere, azkenean, Intxurre elkartean egingo dute.

Unai Iraola da antolatzaileetako bat eta nabarmendu du gaian «erreferenteetako bat» dela Rekondo eta hitzaldian azalduko duela, besteak beste, Palestinan, gaur egun, zein den egoera eta nolakoa izan den bilakaera horretara iristeko. Bide beretik, Iraolak aipatu du, oro har, «herritar guztiei» bideratuta antolatu dutela hitzaldia eta, «gaurkotasun handiko gaia» izanik, «interesgarria» izango dela ohiko hedabideetatik iristen den informazioa osatzeko edukia jaso nahi dutenentzat.

Omenaldia biktimei
Datorren asteko larunbatean, martxoaren 16an, hainbat jarduera antolatu dituzte eta ardatza izango da Palestinako «biktimak omentzea» eta saihestea gertatzen ari dena «ahanzturan erortzea».Iraola antolatzaileak azaldu du egitaraua ez dutela «erabat itxi», baina aurreratu du Alegiako kultur etxearen ondoan dagoen olibondoan hasiko dutela ekitaldia isilune minutu batekin. Jarraian, olerki bat irakurriko dute; eta, bukatzeko, lore sorta bat jarriko dute zuhaitzaren oinarrian.

Ondoren, plazan elkarretaratzea egingo dute eta, horrekin batera, leku berean hainbat postu jarriko dituzte: Gernika-Palestina Elkartasun Sareari buruzko informazio gunea; ekimena diruz laguntzeko postua; elkartasuna adierazteko materialarekin beste bat; eta, horrez gain, Alegiako hainbat arabiarrek jatekoa eta edatekoa prestatuko dute eta horiek dastatzeko aukera ere izango da. Antolatzaileen hitzetan, eguerdira artekoa izango da egitaraua.

Ahaztu ez dadin
«Iruditzen zaigulako badagoela ahanzturaren arrisku bat Palestinan gertatzen ari den guztiarekin», Iraola antolatzailearen ustez, besteak beste, horregatik da «garrantzitsua» mota honetako ekimenak antolatzea.

Bide beretik, gehitu du «urte luzetan» gertatu den gatazka dela eta azken aldiko gertakariak «oso-oso larriak» direla. Horregatik omen da garaia «kontzientziatzeko» eta «pedagogia egiteko». Ez da, ordea, arrazoi bakarra. Antolatzailearen hitzetan «elkartasun herri bat» da Alegia: «Duela hainbat urte senidetu egin zen zapaldutako bi herritako komunitateekin, eta hari horri jarraipena ematea dagokigu».

Ekimenaren aurrekariak
Ez da mota honetako jarduerak antolatzen diren lehen aldia: aurretik ere Palestinarekin lotutako hainbat ekimen egin dituzte herrian. Duela zenbait urte Alegiako Udala senidetu egin zen Saharako eta Palestinako herri banarekin; eta Euskal Herria Palestina elkartasun sarea sortu ondoren, bigarren topaketak herrian antolatu zituzten.

Bada, garai hartako ekitaldi batean olibondo bat landatu zuten Alegiako Kultur Etxearen ondoko belaze batean; eta, hain zuzen, hori da larunbat honetan omenaldia egingo duten zuhaitz bera. Iraolaren hitzetan: «Aurten, berriz ere, egun hau antolatu dugunez eta Alegiak aurrekari horiek dituenez, iruditu zitzaigun egokia izan zitekeela omenaldi bat egitea zuhaitz horren inguruan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!