Aurten ere 'Ez ezetz da!' kanpaina martxan egongo da Alegiako festetan

Ataria 2023ko uztailaren 12a

Jarrera desegokien aurrean beharrezko neurriak hartuko dituzte eta etxera taldean joateko hitzorduak izango dira gauero, asteazkenetik igandera, Orendaingo bidegurutzetik abiatuta.

Alegiako Udalaren, festa batzordearen eta Eztanda talde feministaren ekimenez, aurten ere Ez ezetz da! kanpaina egingo dute herriko festetan. Edozein motako erasoen aurrean laguntza eskaintzea da gaurtik astelehenera martxan egongo den protokoloaren helburua. Horretarako, prest daude erasoak salatzeko 606 797 135 telefono zenbakia, festetan besoko moreekin ibiliko diren boluntarioak eta baita taberna zein txosnetako arduradunak ere, jarrera desegokien aurrean beharrezko neurriak hartzeko.

Aurreko urteetan egin den bezala, etxera taldean joateko hitzorduak ere izango dira uztailaren 12tik 16ra. Orendaingo bidegurutzea izango da elkargunea eta hauek dira ordutegiak:

  • Uztailak 12, asteazken gaua: 02:00/04:00.
  • Uztailak 13, ostegun gaua: 02:00.
  • Uztailak 14, ostiral gaua: 01:00/03:00/05:00.
  • Uztailak 15, larunbat gaua: 01:00/03:00/05:00.
  • Uztailak 16, igande gaua: 02:00/04:00.

Dena den, edozein garaitan norbaitek etxera joateko laguntza beharko balu, 606 797 135 telefono zenbakira deitu dezake eta denbora tarte labur batean, laguntza izango du.

Bide batez, jaiak modu askean bizi eta gozatzera animatu nahi dituzte herritarrak, baina baita salatzera ere, jokabide desegokiren bat ikusiko balute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!