Elkarrizketa

«Pilotaz gozatzeko eta ikasteko aholkua emango nieke gaztetxoei»

Imanol Garcia Landa 2023ko eka. 15a, 19:57

Txertudi eta Ugaitz Renobales, txapelekin, 2004ko Hitza Pilota Txapelketan. Ezkerrean, Andoni Imaz Tolosako kirol zinegotzia eta eskuinean Jokin Bildarratz alkatea.

Ugaitz Renobalesek (Alegia, 1986) lau txapel jantzi zituen Hitza Pilota Txapelketan, horietako bi etorkizunen mailan (2004 eta 2005) eta beste bi nagusietan (2007 eta 2008).

Etorkizuneko mailan lortutako bat Txertudirekin izan zen, eta bestea Larrazabalekin. Nagusietako biak Jon Bengoetxearekin lortu zenituen.

Txertudi eta Larrazabalekin jokatutako txapelketak oso gustura jokatu nituen. Txertudirekin ez nuen aurretik beste txapelketarik jokatu, eta ilusioa egin zidan, oso ondo konpondu ginen eta. Larrazabalekin dezente jokatzen nuen eta ez genuen pentsatzen txapela eramango genuenik, eta ilusio berezia egin zigun. Oso maila handia izaten zen; Bizkaitik eta Nafarroatik etortzen ziren parte hartzera txapelketan. Eta Bengoetxearekin oroitzapen oso onak ditut. Txapelketa askotan osatzen genuen bikotea. Oso pilotari segurua zen eta emaitza onak lortzen genituen.

Txapelketa beraren inguruan zer oroitzapen duzu?

Etxetik gertu jokatzeak, eta gero partidak ikusteak jende ezaguna joaten zen. Oso gustura jokatzen nuen txapelketa izaten zen. Finalak Beotibarren jokatzeak ere ilusioa egiten zizun.

Iñaki Artolak esan zuen gogoan zuela nola zure partidak ikustera joaten zirela.

Hori irakurri nuenean berehala bidali nion mezua. Horrelako pilotari batek nire izena aipatzeak sekulako ilusioa egin zidan. Afizionatuetan nahiko puntan ibili nintzen, eta Iñakik esan zidan hainbatetan nire partidak ikustera joaten zirela.

Orain aita bezala tokatu zaizu Ataria Pilota Topaketari jarraipena egitea.

Zortzi urteko semeak parte hartu du, aurrebenjaminetan. Partida guztietara joan naiz, eta Alegiako haur batzuen partidak ikustera ere bai.

Komentatuko diozu semeari zuk ere parte hartu zenuela orain urte asko?

Bai, esan diot, eta elkarrizketa egin behar zenidatela esan diotenean, ilusioa egin dio.

Eta zer iritzi duzu horrelako txapelketa eta topaketez?

Oso aberasgarria iruditzen zait. Bere adinean oso topaketa gutxi egiten dira, eta beraien artean partidak jokatuz, lagun berriak eginez, oso polita iruditzen zait. Zuriz janzteak sekulako ilusioa egiten die. Amasan eta Beotibarren jokatu dituzte partidak, eta adin horretan beraientzako handia da esaterako Beotibar bezalako frontoi batean jokatzea. Bestalde, iruditzen zait oso ondo dagoela antolatuta. Hemen inguruan pilota elkarteetan jendea dago musu truk lanean ari dena ikaragarri, eta horiengatik ez balitz, ez dakit pilota nola egongo litzatekeen.

Zer aholku emango zenieke Ataria Pilota Topaketan parte hartzen ari direnei?

Pilotaz gozatzeko eta ikasteko. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina orain gehiago da pilotan ikastea, eta lehiaketan pentsatzeko garaia iritsiko da geroago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!