VIII. Hitza Pilota Txapelketaren finala irabazi zenuen 2011n, nagusien mailan, oraindik jubenila zinela.
Ez naiz guztiz gogoratzen, baina uste dut gordeta dudala irabazleei ematen zitzaien egunkariko azala. Bai, gelan hementxe dut gordeta. Irusta eta ni agertzen gara, txapeldunak izan garela jartzen du bertan.
Artxiboan begiratuta, azkenean Irustak ez zuen finala jokatu eta Arratibelekin irabazi zenuen finala, Urretabizkaia eta Aizpururen aurka. Egunkariko azala aurretik prestatzen zen , eta horregatik dago Irusta bertan.
Ba ez nintzen horrekin gogoratzen. Gehiago gogoratzen naiz txikiagotan jokatzen nituen Hitzako txapelketez. Benjamin edo alebinetan hasi nintzen jokatzen, eta gogoratzen naiz Albizturren jokatzen genituela partidak. Beste herrietakoen aurka jokatzen genuen, eta oso gogoan dut Eneko Labakaren aurka tokatzen zitzaidala jokatzea, eta beti partida gogorrak izaten zirela. Hainbeste urte eta gero biok segitzen dugu pilotan jokatzen. Horrez gain, gogoan dut Beotibarrera joaten ginela Hitza Pilota Txapelketako finalak ikustera, Ugaitz Renobales herritarrak jokatzen zuelako. Guretzako erreferentea zen Ugaitz. Esaterako, Iñaki Iza eta Uriarte, gero profesionalak izan zirenak, ikusten genituen finaletan ere.
Eskualdeko pilotari profesionalak Hitza eta Ataria pilota txapelketetatik pasatakoak zaretela esan daiteke.
Bai, bai, denok. Eta zenbakiei begiratuz, deigarria da eskualdeko zenbat pilotari gauden eta egon diren berriki profesional mailan, eta gainera maila ona emanez. Hori ez da kasualitatea. Hori da klubetan lan ona egin delako, eta tartean horrelako txapelketak genituelako.
Zer garrantzia dute horrelako txapelketek eta topaketek gaztetxoa zarenean?
Handia dela esango nuke. Pilotan adin horretan irabaztea baino garrantzitsuagoa da ikastea, eta ikasteko bi modu daude: horietako bat entrenatzen da, eta bestea, zuriz jantzita partidak jokatzea. Entrenamendurik onena askotan hori izaten da. Izan ere, galtzen ere ikasten da, eta zer duzun hobetzeko ere bai. Nire oroitzapena da, horrelako txapelketak hurbiltzen zirenean, aurreko hilabeterako motibazioa izaten nuela. Txapelketa horietan herritik ateratzen ginen eta ezagutzen ez genituen aurkarien kontra jokatzen genuen.
Intxurre pilota eskolan entrenatzaile aritzen zara. Entrenatzen dituzunak parte hartzen ari dira VII. Ataria Pilota Topaketan?
Nik entrenatzen ditudanak zaharragoak dira, baina talde bat gara, eta zeharka bada ere ikusten dut nola bizitzen duten Ataria Pilota Topaketan parte hartzea. Nire sentsazioa da ilusio handia sortzen duela pilotari gaztetxoengan.