Otsailaren 1etik aurrera hondakinak edukiontzietara botako dituzte alegiarrek

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 30a, 15:00

Orain arte erabilitako kuboak nahi duenak berarentzat hartu ditzake edo itzuli egin ahalko dira udalak aurrerago zehaztuko duen moduan.

Azaroko herri galdeketan ateratako emaitzak errespetatuz, asteazken honetatik aurrera edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema martxan izango da Alegian. Horrenbestean, hondakinak kuboetan ateratzeko azken eguna bihar, asteartean izango da.

Herriko zazpi puntutan kokatuko dituzte edukiontziak: Bideberrieta kalean Kalebehera aldean, osasun etxearen pareko autobus geralekuaren alboan, Kalegoran, Txintxarri plazaren ondoan, Larraitz auzoko 3 eta 36 zenbakien aurrean eta Beistin auzoan. Leku horietan edukiontziak jarri ahal izateko eta bilketa kamioiek behar bezala lan egin ahal izateko egokitzapen lanak egiten ari dira egunotan.

Puntu bakoitzean honako edukiontzi hauek egongo dira:

  • Bideberrieta kalean Kalebeheran: organikoa, papera, ontziak, errefusa eta beira.
  • Osasun etxearen pareko autobus geltokiaren ondoan: organikoa, papera, ontziak, errefusa, beira, olioa, arropa eta kafe kapsulak.
  • Bideberrietan Kalegoran: organikoa, papera, ontziak, errefusa eta beira.
  • Txintxarri plazaren alboan: beira eta pilak.
  • Larraitz auzoko 3 zenbakiaren parean: organikoa, papera, ontziak, errefusa, beira, olioa, arropa eta kafe kapsulak.
  • Larraitz auzoko 36 zenbakiaren parean: organikoa, papera, ontziak, errefusa eta beira.
  • Beistin auzoa: organikoa, papera, ontziak, errefusa, beira.

Sistema berriak «egonkortze» epe bat beharko du. Hasieran jarriko diren hainbat edukiontzi ez dira behin betikoak izango. «Mankomunitateak edukiontzi berriak jaso ahala, behin behinekoak ordezkatuko ditu», azaldu du udal gobernuak. Hasieran, «pazientzia» izateko eskatu diete herriei, «denok beharko dugulako egokitze epe bat».

Atez ateko bilketa sisteman erabili diren kuboak norberak berarentzat hartu ditzake edo udalak zehaztuko du noiz eta non itzuli ahal izango diren. Dena den, hondakinak sailkatzen jarraitzeko edukiontzi horiek erabiltzeko gonbidapena egin du udalak, eta mankomunitateak ere hori gomendatu duela esan dute. «Horrela, plastikozko zabor poltsak erostea ekidin daiteke, hondakinak zuzenean kubotik edukiontzira botata. Modu horretan, bakoitzaren poltsikoari eta denon osasunari mesede egingo zaio eta edukiontzien edukiera hobeto aprobetxatuko da». 

Bilketa sistema berriak zehaztapen batzuk izango ditu eremu batzuetarako eta hondakin sortzaile berezientzako. Esaterako, Auzo Txikiko etxebizitza bakoitzari ekarpen guneko txartel bana emango zaio; udalak jakinaraziko die bizilagunei nola jaso txartelak. Bestetik, merkataritza jarduera duten lokalek, tabernek, jatetxeek edota elkarte gastronomikoek modu honetara atera beharko dituzte hondakinak: papera, ontziak eta errefusa herritarren edukiontzi berdinetara bota beharko dute; saltokietako kartoia, orain arte bezala, astean bi aldiz; eta organikoa, San Juan kalean, atez ate Txintxarri plazako gunera aterata astearteetan, ostiraletan eta igandeetan, eta Larraitz auzoan herritarren edukiontzi berdinera botata.

Bolumen handiko objektuak ostegunero atera ahalko dira 20:00etatik 22:00etara, hondakinen edukiontziak dauden herriko puntuetako edozeinetan, Txintxarri plazakoan salbu.

Kultur etxearen parean dagoen hondakin arriskutsuen etxolak leiho ezberdinak dituela azaldu dute, eta hondakin bakoitza dagokion lekura bota behar dela gogorarazi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!