Herritarren erantzunarekin «pozik» agertu dira Alegiako udal ordezkariak

Ataria 2022ko aza. 7a, 18:00

Herri galdeketa amaitu berritan, Arantxa Irazusta alkateak eta Unai Iraola zinegotziak balantzea egin dute.

Alegiako alkateak ostiralean eta larunbatean izan zen galdeketaren inguruan hitz egin du gaur goizean:«Alegiako udal gobernutik eskerrak eman nahi dizkiegu modu batera edo bestera (bileretara joanez, ekarpenak eginez edo bozka ematen) parte hartu duten herritar guztiei. Lan handia izan den arren, herritarrengandik jasotako erantzunak pozik utzi gaitu eta aurrerago ere antzeko lanketak martxan jartzeko asmoan berresten gara. Ekainean esan genuen bezala, guztion artean hobeto erabaki dugu».

Udalaren datuen arabera, guztira bozketara deituak 1.440 herritar izan dira eta azkenik bozka eman dutenak 572, erroldaren % 39,72.

Larraitz auzoko proiektua

Herri galdeketaz gain, prozesu osoaren garrantzia azpimarratu du Arantxa Irazusta alkateak: «Larraitz ekialdeko proiektuaren lanketan jasotako ekarpenak, eta bileretako edukiak kontuan hartuta, hasierako proiektuak moldatu eta aberastu dira; azken proposamena hobetuz».

Larraitz ekialdearen kasuan, bertako biztanleen bozkak %90eko balioa zuen. Honela bozka eskubidea zuten auzotarrak 232 izan dira eta hauetatik 102k hartu dute parte (% 43,93). Gainontzeko herritarren kasuan berriz, 1208ko erroldatik, 325ek eman dute bozka (%26,90). Beraz, Larraitz auzoaren kasuan guztira 427 herritarrek bozkatu dute (% 29,65). Proposamen bakoitzaren bozkak hurrenez hurren hauek izan dira:

1 proposamena: 74 bozka (auzoatarrak 14, gainontzekoak 60).
2 proposamena: 209 bozka (auzotarrak 62, gainontzekoak 147).
3 proposamena: 130 bozka (auzotarrak 25, gainontzekoak 105).

Hondakin bilketa sistema

Hondakinen bilketa sistemaren kasuan, udalaren esanetan, «prozesuan zehar ez da hainbeste ekarpen egon, baina batez ere, positiboki baloratzen dugu bileretan egon den giro eraikitzailea eta errespetua».

Datuei dagokienez, hondakinen kasuan, 572 herritar joan dira bozkatzera eta hauek dira emaitzak:

- Atez atekoa: 182 bozka.
- Mistoa: 31 bozka.
- Edukiontziak: 356 bozka.

«Ahal den azkarren gauzatzeko» konpromisoa

Gauzak horrela,  Larraitz ekialderako  2 proposamena eta hondakinen bilketarako edukiontzien sistema izan dira «modu argian» bozka gehien lortu dituztenak. Udal gobernuaren iritziz, «emaitzak eztabaida ezinak izan dira eta ondorioz,  ahal den azkarren gauzatu daitezen pausoak ematen hasiko gara».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!