Sutarri dantza taldeak, bihar, 'Dantza soinu' emanaldia eskainiko du

Ataria 2022ko api. 7a, 19:59

Alegiako Sutarri dantza taldeak ikuskizun berria estreinatuko du, bihar, 19:00etan, Elizpe zineman; sarrera doan izango da.

Dantza soinu emanaldia prestatu du Alegiako Sutarri dantza taldeak, eta prest daude bihar herritarren aurrean aurkezteko. 19:00etan hasiko dute saioa Elizpe zineman, eta doan izango da sarrera. 12 eta 24 urte arteko dantzariak izango dira parte hartuko dutenak.

Koronabirusak eragina izan du taldean, eta aurreko urtea «txarragoa» izan zela kontatu dute dantza taldeko kideek. Egoerak ikasleek dantza uztea eragin du, eta hori nabaritu dute Sutarrin. «Klaseen dinamikari dagokionean aurreko ikasturtea okerragoa izan zen, baina ikasturte hau matrikulazio aldetik okerragoa izan da», azpimarratu du Oier Laborde irakasleak. «Oso gorabeheratsua izan zen duela bi urteko ikasturtea, eta jendea atzera bota da aurtengorako». Bihar estreinatuko duten Dantza soinu saioan hiru taldek parte hartuko dute.

«Duela bi urte, pandemia aurretik, apirilerako emanaldia prestatuta genuen», dio Labordek, eta ezin izan zutenez egin, aurtengoak hortik joko duela dio: «Gauza batzuk aldatu egin ditugu, eta koreografiaren bat mantendu ere egiten da». Izen ematea tarteko, taula gainera igoko diren taldeak ezberdinak direla ekarri du gogora Labordek. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Iparraldeko dantzak sartu dituzte ikuskizunean. «Dantza bakoitzak doinu edo erritmo ezberdin bat du. Gipuzkoako ia dantza guztiak erritmo batean dantzatu daitezke, Bizkaikoekin ere gauza bera gertatzen da, eta baita Iparraldekoekin ere», zehaztu du.



Lehenengo Gipuzkoako erritmoez gozatzeko aukera izango da, gero Bizkaikoetara pasako dira, eta bukatzeko Iparraldekoak plazaratuko dituzte. Tartean, dantza tradizionalak dantzatuko dituzte, eta baita tradizio horietan inspiratutako koreografiak ere. «Musika moderno batekin betiko dantza bat dantzatzen ikusi ahal izango dute; esaterako, Dupla taldearen abesti batekin arin-arin bat dantzatuko dute», esan du Labordek. Berritzaile datoz, «orain artean gehiago izan da dantza ezberdinak egitea, eta oraingoan lotura gehiago dute elkarrekin, eta emanaldi guztiak du lotura bat», zehaztu du Ixone Urkiri dantzariak.

Biharkoarekin ez da amaitzen taldearen ikuskizuna. Ekainean ere ikasturte amaierako emanaldia egitekotan dira, eta kasu horretan, Sutarrik dituen dantza talde guztiek parte hartuko dute.

HAUR TXIKIEN TAILERRA

Sutarri dantza taldeak adin ezberdineko haurrak hartzen ditu, eta dantza tailerreko hiru eta lau urteko haurrek emanaldia eskaini zuten pasa den ostiralean, gehien bat, gurasoentzat. «Oso gustura ibili dira eta pena handiz hartu dute bukatu izana», esan du Marta Iraola dantza taldeko arduradunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!