Elkarrizketa

«Aitak beti esaten zuen bere biriketan zerbait bazegoela»

Ataria 2022ko urt. 27a, 19:59

Amiantoaren eraginez hil zela aita kontatu du 'Hauts. Amiantoaren kalteak, kaltetuen hitzetan' dokumentalean Otsanda Tolosak; otsailaren 1ean emango dute Alegian, eta aita eta amarentzat omenaldia izango dela esan du.

Hauts. Amiantoaren kalteak, kaltetuen hitzetan dokumentala izango da ikusgai Alegiako kultur etxean, hurrengo asteartean, otsailaren 1ean, 19:00etan. Otsanda Tolosak (Irun, 1977), asbestosiak hildako Celestino Tolosa aita alegiarraren prozesu osoa kontatu du lan horretan. Amiantoaren biktimei aitortza dela azaldu du.

Aitaren istorioa kontatzen da dokumentalean.

Aitaren bizitzaren inguruko lekukotzak dira, bere heriotzara arte. Batez ere, CAF lantegian izandako bizipena eta ondorioen hausnarketa egiten da.

Aita eta ama alegiarrak ziren. Esanahi berezia al du dokumentala bertan erakusteak?

Alegia nire aita eta amaren sorterria da, eta egun garrantzitsua izango da niretzat. 1973an Irunera etorri ziren arren, alegiarrak sentitu izan dira beti, eta Alegia euren bihotzetan izan dute.

Alegiako proiekzioan bertan izango zara?

Bai. Gainera, familiako kideak ere han izango dira, beraz hori ere hunkigarria eta polita izango da. Aita eta amarentzat sekulako omenaldia izango da.

Dokumentala ikustean zer sentitzen duzu?

Behin bakarrik ikusi dut osorik, eta oso hunkigarria izan zen. Bizipen horiek pantailan ikusteak barruak asko mugitzen ditu. Bestalde, prozesu guztia ikusita oso harro eta oso pozik sentitzen naiz.

Hiltzaile isila bezala ezaguna da amiantoa.

Urte askotan zehar lanean nahiz eta ondo sentitu, horren ondorioak urteetara agertzen dira. Normalean diagnostiko bat iristen denean berandu izaten da, eta diagnostiko oso larriak izaten dira gainera.

Aitak CAF-en egin zuen lan, 1992an gaixotasunaren hasiera izan zen eta 2008an zendu zen.

1973an joan ziren Irunera, eta han CAF lantegian hasi zen lanean aita. Hasieran galdarategian eta soldaduran, eta gero Beasainera lekualdatu zuten. Gaixotasunarekin hasi zenean Irunera lekualdaketa eskatu zuen.

Nola izan zen gaixotasunaren hasiera?

Sukar handiak izaten zituen. Ez zuten jakiten horien jatorria. Enpresa medikuek beti tapatu egin izan dute amiantoaren gaia. Poliki poliki sukarrarekin batera, arnas falta izaten hasi zen.

Noiz lotu zenuten amiantoarekin?

Urte guzti horietan zehar amiantoa erabili zuen lanean. Aitak bagoiak konpontzen zituen Irungo CAF-en eta han zegoela aipatzen zuten. Ez zekiten zer zen, baina, lanean zeudela, hauts zuri bat ikusten zutela airean esaten zuten. Gainera, inolako babesik gabe ibiltzen ziren. Beraz, uste dugu hasierako urte haietan gaixotu zela amiantoarekin

Garai hartan, ez zegoen horren inguruko informaziorik.

Ez, gerora agertu da. Europatik iristen joan zen informazio hori, eta poliki poliki amiantoaren erabilera gutxituz joan ziren.

Gaixotu ostean, lanean jarraitu al zuen?

Irunera bueltatu zenean postuz aldatu zuten. Planoekin-eta aritu zen urte batzuetan, eta gero lanerako ezintasuna eman zioten.

Tartean, biriketako transplanteak ere egin zizkioten.

2006. urtean, 24 orduz oxigenoa ematen zion makina batekin bizi zelarik, transplantea egin zioten. Aitak beti esaten zuen bere biriketan zerbait bazegoela, beraz, eskatu zuen bere birikak gorde eta aztertzeko. Gorde egin zituzten, eta gakoa izan da, amiantoarena frogatzeko.

2017an hasi zineten epaiketarekin.

Bere lantegiko hainbat lankide gaixotzen eta hiltzen ari zirela ikusten joan ginen. Prozesu judizialetan sartu ziren horietako batzuk, eta esan ziguten gure aita ere ziurrenik amiantoaren ondorioz gaixotu eta hil zela eta mugitzen hasi gintezkeela. Ama eta biok prestatuak sentitu ginenean bere historia medikua aztertzen hasi ginen eta Asviamie amiantoaren biktimen elkartearekin jarri ginen harremanetan. Hasieran ez genuen heldulekurik topatzen, eta transplantea egin zioten lekura hots egitea pentsatu genuen. Gure sorpresa izan zen bere birikak oraindik gordeta zituztela. Laborategi berezi batera eraman zituzten horiek aztertzeko eta konturatu ziren amiantoaren kopuru altua zutela. Froga horrekin ekin genion bide judizial gogorrari.

Zergatik gogorra?

CAF bezalako enpresa handi baten aurka izan zen, eta horrelako enpresek abokatu talde handiak dituzte. Madrilera iritsi zen gure epaia, eta han azkenean arrazoia eman ziguten, aita lanean gaixotu zela, alegia. Ondoren, beste prozesu bat hasi zen, kalte ordainak eskatzeko. Irabazi egin genuen hori ere. Gogorra eta luzea izan zen, eta horrelakoak ekiditeko jarraitzen dugu borrokan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!