Intxurrek mende erdia bete du

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 12a, 11:59

Intxurre elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko, ekitaldi sorta antolatu dute; hilaren 18an elkartearen historia jasotzen duen dokumentala aurkeztuko dute. 

Alegiako Intxurre kultur eta kirol elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten. Elkarteko kideek urte berezia izatea nahi dute, bazkideentzat, herritarrentzat eta inguruko guztientzat, eta ekitaldiz betetako urtea izango dela iragarri dute.
Felix Irazustabarrena elkarteko kideak gogoratu duenez, herriko gazte talde bat hasi zen elkartzen mendizaletasuna bultzatzeko. «Elkarteak egoitzarik ez zuenean bilerak parroki zentroan egiten zituzten, eta lehenengo lehendakaria emakume bat izan zen, Loli Balerdi, emakumeen parte hartzea hain hedatua ez zen garaian». Gerora, ixtera zihoan Kalebeherako taberna batean kokatu zen elkartea, eta urte batzuk geroago, gaur egun dagoen lekura aldatu zen, egoitza auzolanean egokituz. 

Elkartea lekuz aldatzen joan zen moduan, izaera aldatuz ere joan zen. «Kultur eta kirol elkarte bihurtu zen, eta 1977. urtetik aurrera euskaraz funtzionatzeko  erabakia hartu zuen elkarteak. 

Elkartearen historiari lotutako pasarte horiek guztiak dokumental batean bildu dituzte, eta hori hurrengo asteartean, hilaren 18an izango da ikusgai, herriko zineman. «Azken hilabeteetan landu dugun lana izan da, eta elkartean protagonista izandako hainbatek elkartearen beraren ibilbidea gogoratu dute».   

Ekitaldi hori baliatuko dute urte osorako elkarteak egin asmo dituenen berri emateko, eta biltzen diren bazkide guztiek elkarrekin argazkia egingo dute ekitaldi horretan.

Ekitaldiak urtaroka
Urteurreneko lehen ekitaldia datorren astekoa izango bada ere, urtea era berezian hasi nahi izan dute elkarteko kideek. Hala, urteko lehen egunean 50. urteurreneko irudia duen kartela zintzilikatu zuten, eta ondoren, bertaratutako bazkideek urte bereziarengatik topa egin zuten.

Hurrengo ekitaldia urtarrilaren 23an egingo dute. Hain justu, mendi irteera antolatu dute Intxurre mendira, 08:00etan abiatuta. Langaurrera bisita egin eta ondoren elkartean hamaiketakoa egingo dute.

Hortik aurrera izango diren ekitaldiei dagokienez, Irazustabarrenak aurreratu duenez, urtaroka egingo dituzte. «Maiatza ekaina inguruan Langaurre eguna antolatzeko asmoa dugu; maiatzaren 29an izango da ziurrenik, eta horren bueltan kultur batzordearekin batera ingurugiroarekin lotutako hainbat jarduera antolatu nahi ditugu».
Uda ostean, berriz, Intxurre eguna etorriko da. Irailaren erdialderako aurreikusi dute, eta bazkaria eta erromeria izango direla azaldu du elkarteko kideak. Urte bukaerarako, eta urtea borobiltze aldera, bertsoekin eta antzerkiarekin lotutako ekitaldiak ari dira prestatzen.

Irazustabarrenak esan duenez, 2022a urte berezia da Alegian, ez soilik Intxurreren 50. urteurrena delako, baita Iñaxio Begiristain idazlea eta ekintzailea jaio zeneko 100. urteurrena ospatzen delako ere; «Herriko kultur etxeak bere izena darama, Intxurreko ohorezko bazkide izan zen, eta baita antzerki taldeko zuzendari ere, horregatik antzerkiak ere lekua izan behar du gure urtemuga berezian».

Elkarteak dituen 50 urteetan ekarpen handia egin du herrian Intxurrek, eta egiten jarraitzen du egun ere; «Gauza asko egin dira, eta oraindik ere egiten dira, batez ere pilotan eta futbolean, eta hori nolabait erakutsi nahi dugu urte berezi honetan».

 

50. URTEURRENEKO EKITALDIAK

Urtarrilak 18. Intxurre elkartearen historia jasotzen duen dokumentala, besteak beste elkarteko bazkide izan direnek kontatua. Herriko zineman izango da, 18:30ean. Ondoren, urteurreneko ekitaldien berri emango dute, eta gerturatzen diren bazkideekin argazkia egingo dute.

Urtarrilak 23. Intxurre mendira irteera, 08:00etan abiatuta. Langaurrera bisita, eta ondoren, elkartean hamaiketakoa.

Maiatzak 29. Langaurre eguna. Ingurugiroa, basoak eta mendiekin lotutako hitzaldi eta jarduerak egingo dituzte.

Iraila erdialdean. Intxurre eguna. Bazkaria eta erromeria egingo dituzte, ospakizun giroan.

Urte bukaeran. Bertsoekin lotuta bertso eguna, eta antzerkiarekin lotutako ekitaldiak ere aurreikusten dituzte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!