Alegiako baratze parkean lapurreta egin dutela salatu dute

Ataria 2021ko abe. 13a, 14:47

Beloztegi Herri Baratzak elkarteak eta Alegiako Udalak harraska bat osorik eraman dutela, eta beste baten oinarrian eta iturrian kalteak eragin dituztela salatu dute.

Alegiako Beloztegi auzoan dagoen baratze parkean lapurreta bat eta kalteak eragin dituztela salatu dute Alegiako Udalak eta Beloztegi Herri Baratzak elkarteak. Jakitera eman dutenez, erabiltzaileak abenduaren 6ko eguerdian jabetu ziren baratze parkeko etxolaren inguruan zegoen harraska bat eraman zutela, eta beste baten oinarrian kalteak eragin zituztela, iturria hondatzearekin batera.

Baratze parkeko lursailak erabiltzen dituzten herritarrek osatzen duten Beloztegi Herri Baratzak elkarteak eta Alegiako Udalak "gogor" gaitzetsi dute gertaera hau. Erabiltzaileen elkartetik adierazi dute: “Azken urtean behin baino gehiagotan jabetu gara barazkiak ostu izan dizkigutela, baina ez diogu aparteko garrantzirik eman. Dena den, eragin dituzten kalteak eragitea serioagoa iruditzen zaigu eta salaketa jarri dugu”.

Alegiako Udalak bat egin du erabiltzaileen elkarteak egindako gaitzespenarekin, eta horrelako jokabideek halako jarduerei eragiten dien kaltea azpimarratu du. "Herritar talde bat auzolanean norberarentzat elikagaiak ekoizten ari den eremu bat da baratze parkea, eta horrelako ekintzek, antzeko jardueretan parte hartzeko asmoa duten herritarrak atzera bultzatzen dituzte".

Udalak Ekogunearekin duen hitzarmen bati esker, Alegiako baratze parkea Baratze Parke Sarean sartuta dago. Udalak lapurtutako harraska ordezkatuko duela esan du, eta egindako kalteak ere konponduko dituela. Lapurrentzat hain erakargarriak ez diren materialak erabiltzea dutela asmoa eman dute jakitera, "lapurreta gehiago ekiditeko".

Beharrean daudenentzat

Bestalde, barazki beharrean dagoen herritarren bat balego, elkartekoekin harremanetan jarri eta "beldurrik gabe" eskatzeko deia ere luzatu dute, askotan, "barazkiak soberan" geratzen zaizkielako. Baina ez dute uste ekintza hau elikagai beharrean dagoen norbaitek egin duenik.

Horrekin batera, herritarren batek interesa izango balu, baratze parkean hainbat lursail libre daudela ere gogorarazi dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!