Hogeita bost pertsonatik gora, ibilian

Ataria 2021eko urriaren 15a

Alegiako Udalak bultzatzen duen Txintxarriak Martxan ekimenarekin atzo hasi ziren, eta 25 pertsonatik gora elkartu ziren lehen ibilaldia egiteko.

Alegiako Udalak, osasun zentroak, Jubilatuen elkarteak, Nagusilanek eta elizak elkarlanean antolatu eta koordinaturiko ekimena da Txintxarriak Martxan. Geldialdiaren ostean, atzo eman zioten hasiera 2021-2022 denboraldiari. Adineko pertsonak ariketa fisikoa egitera bultzatzea eta elkarren arteko harremanak sendotzea helburu dituen ekimenak lehen irteera izan zuen atzokoa. Lehen irteeran 25 lagunetik gora izan ziren parte hartu zutenak.

Neurri guztiak hartuta, bueltan dela adinekoen osteguneroko hitzordua gogorarazi dute udaletik. Irteerak ostegunero 10:30ean plazatik abiatuko direla zehaztu dute.

Aldez aurretik aipatu elkarteetako kideek lagunduko diete Txintxarriak Martxan ekimenean parte hartzen duten herritarrei, eta egoera bakoitzera egokitutako ibilbideak osatuko dituzte.

Udalak eskerrak eman dizkie parte hartzen duten elkarte horiei guztiei, eta baita boluntario gisara arituko direnei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!