Azken asteetako pilotalekuko gertaerak salatu dituzte

Ataria 2021eko urriaren 5a

Alegiako pilotalekua azken asteetan zikinduta agertu da. Ateak ostikoz ireki eta sua piztu dute.  Alegiako Udalak "behin eta berriz" errepikatzen ari diren gertaera horiek gaitzetsi ditu.

Alegiako pilotalekua azken asteburuetan zaborrez beteta agertu da. Ez da lehen aldia, eta ateak ostikoz ireki eta barrura sartzeaz gain, asteburuan, sua piztu dute pilotaleku barruan lurra izorratuz.

"Behin eta berriz errepikatzen diren gertaera hauek gaitzetsi egiten ditugu", azpimarratu dute Alegiako Udaletik. Pandemiak nahi baino leku gehiago itxiarazi dituela adierazi dute, baina era berean, ateak irekitzeak beldurra ematen diela, "gerora begira horrelako ekintzak egiten jarraitu behar badute". Herriari onura dakarkioten kirol taldeak direla kaltetuenak esan dute, "neurri mugatzaileak beraiek pairatzen baitituzte", eta nabarmendu dute "gutxi batzuk herri oso baten kaltetan" dabiltzala. Kezkatuta agertu da udala: "Ateak ostikoz ireki, zikinak zabaldu, suak piztu,… Zer dago hauen buruetan?".

Pilotalekuko kirol instalazioak erabiltzen dituzten kirol talde ezberdinak ere kexu agertu dira, eta esan dute "oso haserre" daudela jokabide hauen aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!