ELKARRIZKETA

«Daukadanetik eramaten dut, ez dut azokarako ezer berezirik egiten»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko ira. 23a, 07:59

Alegiako Etxarraga Berri baserrian bizi da Juan Inazio Rekondo alegiarra. Azken unean bada ere, aurten ere azokan postua jartzera animatu da. Ez da baserritik bizi, baina baserrian lan egiten du. Etxerako egiten du baratzea, eta dituen fruta zuhaitzek emanda fruituekin joango da igandeko azokara. Herritarrei gonbita luzatu die plazatik buelta egiteko eskatuz.

Alegiako azokan aurten ere postua jarriko duzu.

Bai, ditudan gauza hondarrekin jartzeko asmoa dut.

Azoka egingo zutenaren esperantzarik bazenuen?

Ez, egia esan ez nuen espero egingo zutenik. Iaz ez zuten egin, eta aurtengorako duda zen, eta ez dugu gauza asko prestatu. Joan nahi ote dugun galdetu digute, eta joango gara.

Azoka egin izan denetik jarri izan duzu postua?

Ez. Ni 2014an hasi nintzen, eta beraiek jada 14 urte daramatzate azoka egiten. Besteak ikusten nituen, eta gero, beranduago animatu nintzen.

Nolatan animatu zinen postua jartzera?

Ikusten nuelako Alegian jada baserritar asko ez zegoela. Gutxitzen ari ziren barazkien postuak, horrela azokan sartzera animatu nintzen.

Zein postu mota da zurea?

Nik etxeko barazkiak jartzen ditut. Daukadana, eta gero eduki dezakedan fruta eramaten dut. Aurrekoan, esaterako, mahatsa eraman nuen, eta aurten ere eramateko asmoa dut. Etxean dudana da, ez dut azokarako ezer berezirik egiten, daukadanetik eramaten dut.

Baratzean aritzen zara, beraz.

Ez. Nik baratzea etxerako egiten dut, ez dut egiten saltzeko. Herrian urtean behin izaten denez azoka aprobetxatu egiten dut, eta soberan dagoen hori eramaten dut.

Jendeak erosten ditu bertako produktuak?

Bai. Gustura gainera. Nik uste dut jendea oso gustura etortzen dela, eta nongoa den ikusita, eta hemengoa izatearekin nik uste dut jendea asko animatzen dela erostera.

Igandean zer eramango duzun plazara esaterik bai?

Ziazerbak, kuia, kuiatxoak, piperrak, Ibarrako piperrak,... Fruta aldetik, sagarrak, udareak, mahatsa, eta arrautzak ere bai,... Eta parean beste zerbait suertatzen bada, hori ere bai.

Urte ona izan da aurtengoa?

Frutarentzako bai, eta baratzerako ere ez da hain txarra izan.

Eskertzen du jendeak postua jartzea?

Nik uste dut baietz. Niri jendea harrituta geratzen zait, eta gustua ematen duela, eta saiatzen garela lanean eta komentatu izan didate. Eta baserrian bizi eta aukera izan da, eta gustatuz gero, aritu egiten zara pixka bat lanean.

Ez da zure lana, baina postuan saltzaile moduan aritzea nolakoa da?

Ez da nire gustuko lana. Jende askorekin hitz egitea gustatzen zait, eta oso irekia naiz, baina ez da nire lana hori. Egun horretan aritzen gara, eta alabak laguntzen dit pixka bat, baina ez da gustuko lana. Kanpotik egotea gehiago gustatzen zait.

Zazpigarren urtez jarriko duzu postua. Azokan urte horietan aldaketarik antzeman duzu?

Aldaketa emanda. Gero eta jende gutxiago animatzen dela uste dut postua jartzera. Lan asko egin behar da. Aurreko egunetatik hasi behar duzu gauzak preparatzen eta txukuntzen, eta uste dut jende asko atzeratu dela lan asko duelako. Ni bereziki ez naiz gehiegi saiatzen, natural-natural, hartu eta eraman egiten ditut. Urte batzuk atzera, batzuk izugarrizko lanak hartzen zituzten postua dotore jartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!