Hamalau postuko azoka

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko irailaren 23a

2019an egin zuten azokako irudi bat. IRATI URDALLETA

XIV. Artisau eta Nekazal Azoka egingo dute igandean, Alegian; plazan jarriko dituzte postuak, 11:00etan hasi eta 14:00ak arte.

Iraila azoken hilabetea izan ohi da, nahiz eta pandemia egoerak azokak ere dantzan jarri dituen. Ohitura zaharra berreskuratuz, hamalaugarren urtez antolatu du Alegiako Udalak nekazari eta artisau azoka. Aurrekoetan egin izan zuten moduan, hileko azken iganderako antolatu dute, eta hilaren 26an, 11:00etan zabalduko dute azokarako atea.

Iaz, koronabirusa tarteko, Alegian ere ez zuten azokarik antolatu. Aurten, ordea, azken unean bada ere, Alegiako Udaleko Kultura batzordea azoka egitera animatu da.

Herritarrei eta herriaren ingurukoei ematen diete Alegiako azokan postua jartzeko aukera, eta XIV. Artisau eta Nekazal Azoka, hamalau postuz osatuko dute. Eguraldiari begira egon dira kokalekua zehazteko, eta iragarpenak eguraldi ona eman duela eta, plazan egingo dute. XIV. Artisau eta Nekazal Azokari 11:00etan emango diote hasiera eta 14:00etara bitartean izango du jendeak postuz postu ibiltzeko aukera.

Nola ez, azoka guztietan bezala, erakusgai dauden produktuak ikusteaz gain, erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Hamalau postu horietan askotariko jatekoak izango dira, eta beste hainbat postu artisautzari lotutakoak jarriko dituzte.

SEGURTASUN NEURRIAK

Dagoeneko gizarteak bere eginak ditu koronabirusa tarteko hartu beharreko segurtasun neurriak, baina Alegiako Udalak beste behin gogorarazi egin du: «Azokara hurbiltzeko asmoa dutenei antolakuntzak ezarritako sarrera eta irteera puntuak errespetatzeko eskatzen zaie». Plazara sartu eta ateratzeko puntu ezberdinak jarri dituzte, eta jende pilaketak ekidin nahi dituzte segurtasun neurriak hartuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!