BASO ERTZETIK

Animalien kontu-zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2021ko uzt. 26a, 07:57

Gure gizarte hau kontu-zahar eta istorio txikien gizartea izan da betidanik. Kontu-zaharrak, sukalde ertzetan edo mahai buruetan jaiotzen dira, pertsona helduenek kontatzen dituzte eta nola ez, beti bada animalia bat tartean. Ahoz aho, sukalde ertzetik, belaunaldiz belaunaldi pasa dira kontu-zaharrak, gaur egungo sare sozialak baino geldoago, baina berezko goxotasun horrekin. Eta gu, kontu-zahar eta animalia zale garenez... hemen tartean animaliak dituzten kontu-zahar batzuk.

Nire aitona zenak kontatzen zuen, Tolosako feriatik bueltan altzotar bat omen zetorrela, asto berria erosi eta berau leporaino kargatua. Altzon gora aldapa ugari eta... astoak pott-egin omen zuen, ez aurrera eta ez atzera geratuz. Altzotarra erabat haserre astoari tiraka jardun omen zen eta ezer lortu ez. Bidean gora beste altzotar bat laguntzera etorri omen zitzaion, bere baratzean bildu berri zuen piper oso min bat eskuan zuela, eta nola ez, astoari piper erdi bat atzealdetik sartzearen ideia paregabea eman zion. Astoaren jabeak, etxera iritsi nahi eta, halaxe egin omen zuen. Astoa noski, atzea erabat minduta, edozein gizaseme-alabak egingo genukeen bezala ziztu bizian joan omen zen jabea atzean utziz.

Astoaren jabeak, bere asto berria eta zama guztia galtzeko beldurrez, galtzak jaitsi eta geratzen zitzaion piper erdia bere atzealdean sartu omen zuen, astoak adinako abiadura lortu eta Altzo muinoko elizaren parean bera harrapatzea lortu omen zuen. Ez ziren garai makalak piperrak ereiteko! Ordenagailuarekin astoak eta gizon gizagaixoak egindako distantzien kalkuluak atera ditut eta dudarik gabe eta kontu-zahar hau egia bada… piper hau izan liteke aurtengo joko olinpikoetarako atletismoko dopping ekologiko berria.

Astoak betidanik izan dira gizartearen bidelagun, egiten zuten lan paregabeagatik baserrietan, ez da harritzekoa beraz, beraiei buruz kontu-zahar mordoa izatea gurea. Bada astoekin otutako kontu-zahar bat ezinegona sortzen didana. Baserritar bat Altzotik Lizartzara joan omen zen astoa eta behia hartuta, behiarekin egindako tratu bat ixtera. Behiarekin tratua itxi ostean, hura erostunari utzi eta diruaren zati bat tabernan gastatu zuen. Tabernetan nonbait denbora azkar joaten omen da eta tabernatik irten zenerako iluntzen hasita omen zegoen, eta astoaren gainean jarri eta mendiz mendi Altzora bueltan abiatu omen zen. Negu gorria zen eta azkar ilundu omen zuen eta gauak, hotzak eta elurrak baso baten erdian harrapatu omen zuen. Bidearen erdia egin zuenean, urrunean otsoen uluak entzun omen zituen. Astoari «aida!» esan eta erritmoa azkartu zuen. Uluak gero eta gertuago entzuten zihoan heinean gizon gizagaixoa erabat larritu omen zen eta etxerako gutxi falta zela, eta uluak gero eta ugariagoak eta gertuago zeudela ikusita, astotik jaitsi, astoa zuhaitz bati lotu eta lasterka etxera joan zen, otsoen gau horretarako menua prest utzita. Hurrengo goizean etxe atarian, astoaren arrantza entzun omen zuen, bezperan lotua utzi zuen astoa etxera bueltatu zen inongo kalterik gabe. Gizona pozez, astorenagana hurbildu eta «etorri haiz politt hori…» esan omen zion, gozoki atzealdea igurtziz. Baina astoak, bezperan gertatutakoa gogoan edo… berebiziko ostikoa jo eta begi bat atera omen zion gizonari. Astoak mendekua hartu zuen.

Sugeak, kontu-zaharretan errege-erregina

Badira beste animalia batzuk, gure kulturan amorru berezia diogunak, hauetako bat sugeak dira. Benetako baserritar peto baten bibliaren lehen orrialdean hau dio: «Belarretara zoazenean eta lurrean hankarik gabeko animalia bat arrastan ikusten baduzu, akaba ezazu segituan». Berdin dio suge gorbataduna izan, zirauna, suge gorrian, eskulapioren sugea, ezkilara sugea… denak dira itxuraz arriskutsuak, ustez pozoitsuak eta akabatu egin beharrekoak! Zergatik? Sugeek botere ezkutuak dituztelako aitzinetik… Bada kontu-zahar bat behin eta berriz kontatu didatena: sugeak hegaztiak hipnotizatzeko gai dira. Jende askoren lagun baten ezagun batek ikusi omen du sugea larre erdian zutik jarrita, bere aurrean airean pausatuta hegazti bat erabat liluratuta duela. Hegazti gaixoa sugearen hipnositik ateratzeko modu bakarra, hegaztia eta sugearen artetik makil bat pasatzea omen da, erremedio honek, loturik mantentzen dituen kate hipnotikoa eten egiten du eta hegaztiak segituan alde egiten omen du, bere barrenean «earra pasa zaidak!» esanez.

Ez dakit gertaera hau ikusi dutenek ere, aurrez eztarritik edari hipnotiko bat sartu ote duten ala ez, baina behin baino gehiagotan kontatu didaten kontu-zaharra izan da, hori bai, inoiz ez dut zuzeneko testigu bat topatu, beti zen lagun baten ezagunaren lagunaren lehengusua.

Ukuiluetaraino

Eta gure suge maiteekin jarraituz, agian nire kontu-zaharrik gogokoena... protagonistak: behiak eta, nola ez, sugeak. Honela hasten da: «Behiak jeztera zoazenean eta titiburu batetik ez bada esnerik ateratzen, suge batek edan duelako da». Askotan entzuna dut eta gazte-gaztetik liluratuta nauka. Irudikatu momentu batean egoera. Gaua da, baserria lotan dago, guztia isilik, ukuiluan behiak zutik, azken belarrak hausnartzen. Ukuilu guztietan bezala, iluna eta usain eta bero berezi hori dago airean. Bat-batean, arrastaka ukuiluko ate erdi irekitik suge bat sartzen da, kontu-zaharretako suge guztiak berdinak eta arriskutsuak direnez berdin dio zein suge mota den, nahiz eta gurean zehazki hamaika suge espezie ditugun. Suge hau badoa arrastan eta behi baten hankara iristean, honen inguruan kiribildu eta gorantza igotzen hasten da. Behin izter ingurura iristean, sugeak ahoa ireki eta zekor jaioberri bat baliran titiburu bat hartu eta esnea edaten hasten da. Behia ezeroso sentitu da eta aztoratzen hasi, da eta marru pare bat botatzen ditu. Erdi lo zegoen baserritarrak ukuiluan zaratak entzun ditu, kandela bat piztu, bere ohe alboan kuttunki gordetzen duen makila hartu, ohetik altxa eta ukuilura doa ea zer den ikustera. Ukuiluko atea ireki bezain laster tripa esnez beterik duen suge bat ateratzen da ziztu bizian eta baserritarraren hanka artetik igaro ostean, ospa egiten du.

Kontu-zaharrak, tartean egia txikiak dituzten gezur handiak dira, baina, garai bateko mahai eta su inguruko giro goxoa dakarte gurera. Hizkuntza zahar baten garraiatzaile dira eta presaka bizi garen garai hauetan, istorioak eta bizipenak kontatzeko modu baten azken testigu dira.

Ea gure familiako mahai buruan dauden kontu-zahar guztiak biltzeko gai garen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!