Larraitz Chamorro alegiarra hil da

Ataria 2021eko maiatzaren 21a

Esti eta Larraitz Chamorro ahizpak. Iturria: EITB

Urte luzez heriotza duinaren eta eutanasiaren aldeko borrokan aritu da alegiarra. Atzo hil zen 45 urte zituela, EITBk zabaldu duenez. 27 urterekin diagnostikatu zioten ELA gaitza.

Esti Chamorro ahizparekin hitz egin zuen 2017an Tolosaldeko Atariak. "Niretzako gogorrena da ahizpa batek esaten dizunean honekin bukatu nahi duela eta ezin duzula ezer egin berari laguntzeko eta honekin bukatzeko. Egiten dituzun pauso guztiak inora ez doazela ikusten duzu, legeak ez dizulako uzten, eta borrokatzen dugunarekin ez dugulako ezer lortzen", esan zuen.

Pasa den abenduan izan zen eutanasia komunikabideetako lerroburu. Izan ere, Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena onartu zuten Espainiako Kongresuan. Gehiengo absolutua —176 boto— behar zuen legeak aurrera egiteko, eta, hain zuzen, 199 diputaturen botoak lortu zituen. Kontrako botoak 138 izan ziren, eta bi abstenitu egin ziren. Pasa den martxoan eman zen hurrengo pausoa; eutanasia arautzen duen legea onartu zen Espainiako Kongresuan. Ondorioz, osasun sistemaren barruan erabili ahal izango den zerbitzu bat izatera pasa da eutanasia. Martxoaren 18ko 46-8 buletinean argitaratu zuten neurria eta bertan jartzen du hiru hilabeteko epean jarriko dela indarrean, hau da ekainaren 18an.

Testuaren arabera, eutanasia eskatu ahal izango dute «gaixotasun larri eta sendaezina» edo «pairamen larri, kroniko eta ezintasun eragile bat» dutenek, horrek haien autonomian eragiten badu, eta «sufrimendu fisiko edo psikiko iraunkor eta jasanezin bat» eragiten badie. Legeak zedarritzen du horretarako jarraitu beharreko prozedura: hain justu, bi medikuk aztertu beharko dute eskakizuna, eta, kasuen jarraipena egiteko, bermerako batzorde batzuk antolatu beharko dira autonomia erkidegoetan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!