«Ez banitu entrenamenduak izango, etxean geratuko nintzateke»

Imanol Garcia Landa 2021ko mar. 12a, 07:58
Hilario Olano alegiarra. RAKEL VIDAL

Hilario Olanok (Alegia, 1969) orain arteko Gipuzkoako Pilota Egokitua Txapelketa ia guztietan parte hartu du, eta hainbatetan jantzi du txapela. Binaka parte hartzen ari da eta larunbatean jokatu zituen bederatzi partidetatik sei irabazi zituen.

Ez duzu nahi izan banakakoan parte hartu.

Banaka ez naiz oso ondo moldatzen. Nik dudan lesioarengatik eskuak nahiko kaltetuta ditut, eta ezkerrarekin bakarrik jokatzen dut. Nire aurkarien aurka jokatzeko, nahiko zaila da. Lesio ezberdinak ditugu eta denak ez gara maila berekoak. Bikoteka aukera gehiago izan ditugu, eta hor eman dut izena, ondo pasatzen dudalako.

Palarekin jokatzen da, baina zu erraketarekin aritzen zara.

Eskuak ez ditudanez ondo, ezin diot ondo heldu eta kolpea ere txikiagoa dut. Beraz, erraketarekin hasi nintzen bere garaian, kolpea handiagoa eman daitekeelako. Erraketa belkro batekin lotzen dut ezkerreko eskuan, eta horrela moldatzen naiz.

Txapela batzuk jantzi dituzu dagoeneko txapelketa honetan.

Beti bikotekide ona tokatu zait, eta bai, bost edo sei bat irabazi ditut.

Lehen jardunaldiarekin gustura?

Bai, partida batzuk irabazi nituen eta. Aurten bikoteak aldatzen joango gara, denok denon aurka jokatzeko. Beraz, azkenean, partida bakoitzean tokatzen den atzelariaren arabera errazago izaten da irabaztea.

Pilotariek elkar ondo ezagutzen duzue.

Bai, bai. Astean behin behintzat Aginagako frontoian entrenatzen dugu elkarrekin, eta Errenterian ere izaten dira entrenamenduak. Ni ez naiz azken honetara beti joaten, tarteka, txapelketak-eta izaten direnean joaten naiz. Ondo ezagutzen dugu elkar, giro ona dugu, eta ondo pasatzen dut. Kirola egitea ondo datorkigu. Umore ona eta giro ona izaten dugu.

Zer suposatzen du zuretzat txapelketa hau jokatzeak?

Txapelketek beti beste puntu bat ematen dute, beste motibazio bat. Hori bai, ni ez naiz onenetakoa... Mailak egongo balira, ni nire mailan puntan egongo nintzateke, baina jokatzen dudanekin gehienek hankaren bat ebakita dute, ez dugu maila bera. Hala ere, txapelketak beti gehiago entrenatzeko gogoa sortzen du eta gehiago saiatzen gara.

Giro ona duzue, baina txapelketak ere sortuko du zuen arteko pike pixka bat.

Beti izaten da pixka bat, eta elkarri adarra jotzen diogu. Baina nire kasuan behintzat, ez badut irabazten ez da ezer gertatzen. Parte hartzen dut ondo pasatzen dugulako, ukatu gabe irabaztea gustatzen zaidala.

Kirolean aritzeak onura dakarkizu eguneroko bizitzarako?

Ba, niri oso ondo datorkit, eta izaten dugun giro onaz aparte, horregatik joaten naiz. Kirola egitea ondo datorkit, eta ez banitu entrenamenduak izango, etxean geratuko nintzateke. Bizikletarekin, handbike esaten zaionarekin, aritzen naiz ere. Bi kirolak gustatzen zaizkit. Hori bai, bizikletarekin lehiatzeari utzi diot dagoeneko.

Erlazionatuak

Pilota egokituari kantxa emanez

Imanol Garcia Landa 2021 mar 12 Alkiza   Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!