ERREPORTAJEA

Inork espero gabeko gerra Etiopian

Eneritz Maiz - Asier Imaz 2021ko mar. 14a, 07:59
Erasoak, heriotzak, bortxaketak, lapurretak eta okupazioak jasaten ari dira Tigray herrialdeko herritarrak. M.A.

Etiopiako Tigray herrialdean azaroaren 3az geroztik gerran daude. Genozidioa bizitzen ari dira, eta heriotzez gain, bonbardaketak, lapurretak, okupazioa... jasaten ari dira Etiopia eta Eritreako armaden eskutik. Arostegi, berriz ere, Wukrora begira ari da lanean, eta ahalik eta azkarren itzuli nahi du Etiopiara.

2020ko azaroak 3. Gerra piztu zen Etiopian. Maider Arostegi alegiarra bakarrik zegoen Wukron, hau da, Angel Olaran gabe zegoen. Hernaniarrak egun gutxi lehenago etorri behar izan zuen Euskal Herrira ebakuntza bat egiteko. Etxera etorri bitarteko hilabete horiek Olaran gabe pasa behar izan ditu alegiarrak. «Angel hangoa da, eta oso-oso urduri egon da hemen, eta informazio oso gutxirekin gainera», kontatzen du Arostegik.

Ohean zegoela, gaueko ordu bata aldera tiro batzuk entzuten hasi zen. Jarraian, tiro asko eta asko, eta goizeko hiruretan konturatu zen dagoeneko mugikorrean ez zuela ez koberturarik ez eta Internetik ere. Segituan pentsatu zuen, «hemen zer edo zer gehiago bada». Hurrengo eguneko eguerdiko ordu bata arte luzatu zela tiroketa gogoan du. Arratsaldean kalera ateratzeko aukera izan zuen, eta bertakoekin hitz egin ostean jakin zuen Etiopiako gobernuak polizia federala bidali zuela, Tigrayko base militar guztiak erasotzera.

Komunikaziorik gabe eta garraiobiderik gabe utzi zituzten herritar guztiak. Komunikazio guztia eten zieten ia abendu amaiera bitarte, eta orduan ere, mendira igo behar izaten zuten koberturaren bila. Behin gerra bete-betean, Tigrayko Mekele hiriburura iristea izan zuen helburu Arostegik. Abenduaren 2 edo 3an lortu zuen Mekelera iristea, gerra hasi eta ia hilabete beranduago. Helburua anaiarekin eta Angel Olaranekin hitz egitea zuen, eta Gurutze Gorriaren bidez lortu zuen satelite bidezko telefono bidez hitz egitea.

Inork ez zuela espero honelako gerra bat pizterik aitortzen du alegiarrak. Gerrak jarraitu egiten du oraindik ere, eta gerra hori genozidio bilakatzen ari dela azpimarratu du. «Hasiera-hasieratik izan da genozidioa», esan du, eta «orain badago komunikatzeko aukera, eta lagunekin hitz egiten dut, eta berriak ez dira batere onak», gaineratzen du. «Okupazioak jarraitzen du».

Etiopian presidenteak ohorezko kargua du, eta benetako agintea lehen ministroak du. Tigray herrialdean agintean dagoen alderdia TPLF da, eta 28 urtez edo egon da Etiopian agintzen. 2018an herrian kexak izan ziren, eta TPLF alderdiak bere boterea galdu zuen, eta orain dagoen lehen ministroa jarri zuten inongo bozketarik egin gabe: Abiy Ahmed Ali. «Ez zen estatu kolperik egon, baina herrian manifestazioak eta protestak izan ziren eta TPLFak uztea erabaki zuen», argitzen du Arostegik.

Abiy Ahmed Ali lehen ministroak, «bi urtetan Etiopian bozketa demokratiko batzuk egingo zituela esan zuen, eta bera jarri zen agintean. TPLFko asko agintetik kendu zituen, preso askori amnistia eman zien… eta nahikoa mugimendu egon zen 2018an», kontatzen du. Herritarren babesa zuen, eta 2020ko maiatzerako hauteskundeak deitu zituen. Baina koronabirusa tarteko, Alik, bozketak abuztura atzeratzea erabaki zuen, nahiz eta, «kasu oso gutxi egon, eta egoera larria ez izan», esan du Arostegik. Abuztua gerturatu ahala, ordea, berriz ere hauteskundeak atzeratzea erabaki zuen, beste egunik zehaztu gabe. Orduan, «Tigrayko gobernuak bozketekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta eskualdeko bozketak egin zituzten abuztuan».

Etiopiako iparraldeko Tigray eskualdean egin ziren hauteskunde horien ostean, TPLF alderdia, berriz ere, agintera iritsi zen. «Hauteskundeak oso modu baketsuan egin ziren, eta berriz ere, beraien agintea izan den eremuan, %98ko babesarekin hauteskundeak irabazi zituzten Tigrayn». Baina, hauteskundeak egin ostean, lehen ministroak, bozketa horiek ilegalak izan zirela esan zuen. Aldiz, Tigray herrialdeko herritarrentzat, «hauteskunde legalak izan ziren, eta ez zuten onartzen lehen ministro hori izatea agintean», dio alegiarrak. «Horixe gertatu zen, horixe izan zen dena», gaineratzen du.

Abuztutik azarora ez zuten ezer sumatu bertako herritarrek. Ekaitzaren aurreko barealdia izan zen. «Guretzako eta herri guztiarentzako izugarrizko ezustekoa izan da gerra piztea. Ez genuen inork espero». Azaroaren 3an, lehen ministroak, eremu hori okupatzea erabakitzen du: «Berak Tigrayn ordena jarri nahi zuen, eta bere agindua Tigrayko base militar guztiak erasotzea izan da boterea hartu ahal izateko», dio. Hor hasten da dena.

Erasoa hasi lurrez hasi zen, baina dagoeneko airetik ere erasotu dute: «Wukro bonbardatu dute, bai Eritreako eta Etiopiako armadek. Atakatu gaituzte misilekin lurrez, eta erasotu gaituzte hegazkinez eta dron bidez». 

Tigrayk badu bere armada defendatu ahal izateko, eta 250.000 pertsonek osatzen zuten. Etiopia barruan, herrialdeek, bere antolakuntza dute eta nolabaiteko askatasuna dute. «Lurralde bakoitzak bere gobernua eta bere armada ditu», gaineratzen du Arostegik.

Hirugarren aktore bat

Etiopiako lehen ministroa eta bere armadari, eta Tigray herrialdearen arteko gatazkari, Eritreako armada gehitu zaie. Eritrea alboko herrialdea da, eta 20 urtez Etiopiarekin gerran egona da. 2018an eman zuten amaitutzat borroka, eta «esan daiteke Eritreak TPLFaren aurka egin duela borroka». Lehen ministroa aldatzearekin, hau da, agintean Ali jartzearekin, bake akordioa sinatu zuten Etiopia eta Eritrearen artean.

Oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituzte Tigrayn. M.A.

Hori dela eta, egindako lanarengatik, Bakearen Nobel Saria eman zioten Abiy Ahmed Aliri, 2019an. 20 urteko borrokaren ostean, bakea lortzeagatik. «Honi saria azkar samar eman ziotela uste dut», aitortzen du alegiarrak. «Lehen ministroak laguntza eskatu dio Eritreako gobernuari Tigrayren kontra borroka egin ahal izateko», gaineratzen du. Erasotzeaz gain, Tigray okupatu egin dutela azpimarratzen du: «Momentu honetan bi armadak sartuta daude, Eritreakoa eta Etiopiakoa». Baina hori ez da guztia: «Amharakoak ere Tigrayn sartuta daude». Amhara, Tigray bezala, Etiopiako beste herrialde bat da, eta iparraldean Tigrayrekin muga egiten du. Eta horiez gain, Sudan ere sartu da Tigrayn.

Tigray zatitu nahi dute, eta horretan hasita daudela dio Arostegik. «Tigray guztia okupatuta daukate, eta borrokan jarraitzen dute, eta, esaterako, Tigray iparraldea Eritreak dauka hartuta eta Tigray hegoaldea Amharak dauka hartuta», azaltzen du.

Tigray bonbardatu dute Etiopia eta Eritreako armadek. M. AROSTEGI

Erresistentzia dago, eta Tigrayko TPLFko armada militarra borrokan ari da, eta lurraldea defendatu nahian ari da. «Mendian daude orain borrokak, gerrillen arteko gerran».

Genozidioa

Ez dela soilik gobernu aldaketa bat jasaten ari lurraldea, baizik eta, genozidio bat bizitzen ari direla kontatu du. Bizitu du. «Bonbardaketak bukatu baino lehen Tigrayko armadak borroka egiteari utzi zion, baina hala eta guztiz ere, Etiopiako armadak eta Eritreakoak bonbardatzen jarraitu zuten hiria». «Jende asko hil zen, noski», azaltzen du, eta behin bonbardaketak amaitzean, iristen lehenak Eritreako armadakoak izan zirela ekarri du gogora: «Dena eramaten eta guztia husten hasi ziren». Erakunde publikoetatik hasi zirela dio: eskolak, ospitaleak,... «Dena lapurtu zuten, eta gero etxez etxe hasi ziren», argitzen du.

Maider Arostegi: «Hasiera-hasieratik izan da genozidioa; eta lagunekin hitz egiten dut eta berriak ez dira batere onak» 

200 hildako izan ziren bonbardaketan, baina gero ospitalerik ere ez zuten, eta ondorioz, jende asko hil dela nabarmendu du. Esaterako, gaur egun, han ume bat edukitzea zaila da, eta emakume eta haur asko ari direla hiltzen azpimarratu du.

Gerra hastean, amonaren gerra garaiko kontuak etorri zitzaizkion burura alegiarrari, eta bigarren egunean, bizi den misioan lur zatia dutela kontuan hartuta, lurrean zulo bat egin eta bere gauzak bertan gorde zituela kontatu du: «Eta zortea izan dut, eta ez didate ezer kendu».

«Etorri dira, beraiek dute agintea, eta nahi dutena egiten dute. Eta, bai, genozidio bat da. Bortxaketak daude, eta momentu honetan bizitzak ez du ezer balio». Bizi diren misiora ere iritsi ziren, eta lehen aldian, zituzten autoak kendu zizkieten, hurrengoan zeukaten janaria... «Zure bizitzak edo txakur batenak balio bera du, eta kaletik ibiltzea oso arriskutsua da», azpimarratzen du. «Kalera ateratzen ginen, baina beti kontuz eta ea militarrak nondik zebiltzan begiratuz».

Edozein momentutan edozer gerta zitekeela aitortu du, eta gertatu daitekeela oraindik ere. Lehenengo Eritreako armada sartu zen, eta gero baita Etiopiakoa ere, eta biak elkarrekin ondo moldatzen zirela adierazi du.

Lagun artean aurkitu zuen babesa, eta oso ondo sentitu zen eta oso ondo zaindu zutela esan du: «Horrelako bonbardaketa eta gero, pentsa nola geratu den hiria, eta gainera armaden okupazioa dago. Eta oso ondo zaindu gara elkar. Janari gutxi, eta guztion artean banatuz eta elkartasun handiarekin».

Euskal Herrira etorri behar

Urtarrilaren 16an zapaldu zuen Maider Arostegik Euskal Herria. Negarrez egin zuen bidaia, triste. Ez zuela etorri nahi kontatu du, baina etorri beharra izan duela. Azaroaren 26an erresidentzia baimena egin beharra zeukan, eta paper guztiak prest bazituen ere, gerra hasi zela eta, ezin izan zuen joan. «Ilegal nengoen jada, eta bi hilabete neramatzan horrela, eta militarrekin eta nahiko arriskutsua zen hori eta atera egin behar izan nuen», argitzen du. Lehen hegaldia hartu ahal izan zuenean Addis Abeba hiriburura joan zen, eta bertan bere bisatua berritzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu, eta ezin izan zuen berriz ere Wukrora itzuli. «Nondik zatoz galtzen dizute, Tigraytik zatoz eta gainera zuria zara, eta ez dute nahi», esan du Arostegik.

Azal zurikoa izateak badu bere karga Etiopian. Komunikazio guztiak eten zituzten eta «beraiek nahi dutena da handik informaziorik ez ateratzea». Addis Abeba hiriburura iritsi eta Immigraziora joatean, ez ziotela ezer garbirik esan azaltzen du, baina nahikoa garbi geratu zitzaion zergatik ez zioten berritu eta zergatik ez zioten baimenik eman bertan geratzeko. 

Alegiarra momentu horretan atzerritar bakarra zen. Beste emakume bat zegoen hiriburuan, baina hark nazionalitate bikoitza zuen.

«Etxera itzuli behar izan dut, baina momentu honetan zain gaude, berriz ere, edozein unetan Wukrora joateko», adierazten du. Olaran eta biak joatekoak dira, eta dagoeneko maletak erdi eginak dituztela dio. «Momentuz ez itzultzeko esaten digute, baina esperantza dugu guzti hau bukatuko dela, eta itzuli ahalko dugula lehenbailehen, lanean jarraitzeko».

Diru bilketa

Etxera itzulita, ordea, Angel Olaranekin egoteko aukera izan du. «Angel, ni eta besteak bezala inpotentzia handiarekin dago. Triste dago, eta amesgaizto bat da hau berarentzat».

Maider Arostegi: «Orain beharrak asko aldatu dira, eta ez dira lehengo beharrak. Momentu honetan janaria, ura, higienea eta medikazioa behar dira» 

Ez zuen informazio asko eta hango errealitatea zein den kontatzean, aurrera begira jarri dela argitu du: «Hau da dagoena, eta honi aurre egiteko lanean jarraitu behar da», esan du alegiarrak. Hasteko, inguruko jendearekin ahoz aho saiatu dira Etiopian bizitzen eta gertatzen ari den genozidioaren berri zabaltzen, eta salatzen baina komunikabideen bidez egoeraren berri zabaltzea dute helburu. Horrez gain, diru bilketa egiten ari dira: «Orain beharrak asko aldatu dira, eta ez dira lehengo beharrak. Momentu honetan janaria, ura, higienea eta medikazioa behar dira, eta horretarako ari gara lanean».

Bere aldetik, Alegian, leku ezberdinetan itsulapikoak jarri ditu jendeak bere ekarpena egin dezan, eta Internet bidez, Gofundme plataformatik ere dirua biltzen ari da: «Jendeak oso erantzun ona eman dio, eta oso pozik nago», nabarmendu du alegiarrak. «Ezinegonak nolabait baretzeko balio digu, eta dagoeneko gainera hasi gara bidaltzen diru laguntza», gaineratzen du.

Erlazionatuak

Gerrak zapuztutako eskola

Eneritz Maiz - Asier Imaz 2021 mar 14 Alegia

"Genozidio bat da!"

Tolosaldeko Ataria 2021 mar 12 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!