ERREPORTAJEA

Gerrak zapuztutako eskola

Eneritz Maiz - Asier Imaz 2021ko mar. 14a, 07:58
Adimen urritasuna duten hogei haurrentzako lekua prestatu zuten. MAIDER AROSTEGI

Maider Arostegi alegiarrak Etiopiako Wukro hirian lan egin du azken urtean; adimen urriko haurrentzako eskola garatu du, Angel Olaran hernaniarraren alboan, baina azaroan piztutako gerrak dena aldatu du.

Orain dela sei urte joan zen lehen aldiz Maider Arostegi alegiarra Etiopiako Tigray herrialdera. Harrez geroztik, beste bost bidaia eginak ditu bertara. Bazuen Angel Olaran hernaniar misiolariaren ezagutza, eta bertatik bertara ezagutu nahi izan zuen. Oporrak baliatuz, Etiopiara joan zen hamabost egunetarako, eta bertako egoera ezagutzeaz gain, esku bat botatzea izan zuen helburu.

Mezu elektroniko bidez jarri zen Olaranekin harremanetan. Zein zen aurkeztuz bere etxera joatea gustatuko litzaiokeela luzatu zion, eta hernaniarraren baietza jaso ostean egin zuen Etiopiarako lehen bidaia.

Lehen hamabost egunak pasatzera joan aurretik Etiopia ezagutzen ahalegindu zen, eta baita Angel Olaran bera ere. «Liburuak idatzita ditu, eta irakurtzen aritu nintzen», dio Arostegik. Angel Olaranek, gaur egun, 82 urte ditu. Etiopian egon aurretik Tanzanian aritu zen 20 urtez lanean, eta Etiopiako Wukrora bidali zuten gero. 28 urte daramatza bertan lanean.

«Angelen lanak erakarri ninduen, eta berak egindako lana ezagutu nahi nuen. Horregatik joan nintzen Etiopiara», azaltzen du. Gerra zegoen Etiopia eta Eritrearen artean, eta Olaran, nolabait «herria kristautzera» bidali zuten. «Berak beste behar batzuk zituela ikusi zuen, eta horretan hasi zen lanean. Programa asko eginak ditu eta dauzka oraindik ere martxan: umezurtzekin, emakumeekin, nekazariekin...», dio.

Maider Arostegi: «Nire helburua umeentzako leku bat sortzea zen, eta formazio pixka bat ematea bertakoei, haur hauekin lana nola egin behar den erakusteko» 

Azkenaldian Wukro hirian dago. 40.000 biztanle inguruko herria da, eta bertan bizi da misio katoliko batean, beste bi apaizekin batera. Tigray herrialdeko hiriburua Mekele da, eta iparraldera, 40 kilometrora dago kokatuta Wukro. «Oso maitatua da Angel Wukron, eta errespetu handia dioten pertsona da. Lan oso polita egin du eta egiten ari da», azpimarratzen du alegiarrak.

2015ean egindako lehen bidaiaren ostean, urte guztiak lanean pasa izan ditu, oporretan, berriz ere, Tigrayra joateko. Adimen urritasuna duten pertsonekin egiten zuen lan Arostegik Euskal Herrian, eta 2019an etapa baten amaiera ikusi zuen: «2020an lana uztea erabaki nuen, eta martxoan Wukrora joan nintzen, epe luzeago bat pasatzeko asmotan, hiru hilabeterako». Azkenean bost hilabetez luzatu zuen bere egonaldia. Angel Olaranen etxean du ostatua: «Angelekin egoteagatik izugarrizko zortea daukat. Horrelako pertsona baten ondoan egotearekin eta berarekin bizitza konpartitzearekin zorte handia daukat. Izugarri ikasten dut berarekin». Olaranekin aritu zen lanean herrian: «Gero eta hobeto, eta gero eta integratuago nengoen. Herriak ere hobeto onartzen ninduen, eta gero eta aukera gehiago nituen lana egiteko», esan du. 

Abuztuan Euskal Herrira etorri, familiari lau astez bisita egin, gauzak lotu, eta berriz ere, abuztu amaieran, Etiopiarako bidea hartu zuen. Batik bat, bere lana adimen urritasuna duten haurrengan zentratu zuen, eta Olaranekin hitz egin ostean, etxeetan familiekin bakarrik dauden haur horientzat toki bat egokitzen hasi zen. «Garagune bat egin dugu», dio. «Angelen babes osoa izan dut, eta nik lan egiten banuen aurrera egiteko esan zidan». Erantzun ona jaso zuen, eta administrazio aldetik guztiek programa onartu ziotela azpimarratu du: «Asko gustatu zitzaien».

Eraiki zuten garagunea, eta lan asko egin behar izan zutela nabarmendu du: «Hango egoera, hango eraikitzeak, pintatu... baina ia hiru hilabeteren ondoren lanak bukatzea lortu genuen, urriaren 20 alderako», azaldu du. Lanak amaitu eta jada eskola martxan jartzeko moduan zuten. Euskal Herrian egiten zuen lana bertan egin nahi zuen: «Nire helburua umeentzako leku bat sortzea zen. Era berean, formazio pixka bat ematea bertakoei, haur hauekin lana nola egin behar den erakusteko, eta baita integrazioa lantzeko ere». Azken batean, integrazioa, normalizazioa eta leku bat ematea zituen asmoen artean.

Txikitik hasi nahi izan zuen, eta hamar haurrekin hasi zuen proiektua, baina hogei haurrentzako lekua prestatu zuten. «Hasiera batean ni bakarrik hasi, eta gero sartuko ziren bertako hiru-lau pertsona nik formazioa eman ostean, beraiek ere ikas dezaten lana nola egin behar den», adierazi du.

Haur horientzako ez dago ezer, eta ekimen berritzailea da Maider Arostegirena. «Ezjakintasun handia dago gainera adimen urritasunaren inguruan». Hangoentzat, «erotuta daude ume hauek», kontatzen du.

Galdezka eta etxeetara joaten hasi zen Arostegi familiei bere proiektuaren berri emateko. Denboratxo batera, dagoeneko hirian zabaldu zen Arostegiren lana, eta herritarrak berarengana gerturatzen hasi ziren. «Ezagutzen dut haur bat, nire bizilaguna, beti oihuka aritzen da eta, joango zinateke ikustera, eta horrela lortu dut ume guztiak kontaktatzea». Familiek asko eskertu diote beraien haurrei aukera bat eman izana, baina hamar egun iraun zuen eskolak.

Hamar egun, eta gerra hasi zen.

Erlazionatuak

Inork espero gabeko gerra Etiopian

Eneritz Maiz - Asier Imaz 2021 mar 14 Alegia

"Genozidio bat da!"

Tolosaldeko Ataria 2021 mar 12 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!