Intxurre Futbol Taldea gidatuko duen pertsona berrien bila dabiltza

Ataria 2021eko martxoaren 2a

Intxurre taldearen iazko urte amaierako taldeko argazkia.

Alegia Intxurre Futbol Taldearen arduradunek bere zeregina uzteko unea iritsi dela uste dute, eta deialdia egin dute gidaritza hartu nahi duten pertsonei.

«Garaiak aldatu egiten dira eta guk ere garaiekin aldatu egin behar izaten dugunez, iritsi da une hori», azaldu dute Intxurretik. «Urte askoan pertsona berdinen esku egon da Intxurreko gidaritza eta hauek aldamenera pauso bat emateko beharra sentitu dute orain. Egoera horren aurrean, Intxurreko antolakuntza birplanteatzeko eta berregiteko beharrean aurkitzen gara». 

Hori horrela, hurrengo urteari begira antolakuntza lan horietan parte hartu nahi lukeen jende berri bila dabiltza. Antolakuntza «talde sendo bat» osatu nahi dute «lanak guztien artean banatuz eraman errazagoa izan dadin eta erabakiak indartsuagoak izan daitezen». Aldi berean, «talde homogeneoa» izatea nahi dute, «pentsamendu eta irakurketa ezberdineko» jendea bilduz, «ikuspegi ezberdinek emango baitigute erabaki onena hartzeko informazioa». Interesatu guztien arteko bileretan azalduko dute taldearen gaur egungo egoera, erabakiko dituzte eman beharreko pausoak eta bakoitzak egin dezakeenaren eta egin nahi duenaren araberako lan banaketa egiten saiatuko dira. Parte hartu nahi lukeen edonori egiten diote deia, eta interesa dutenek intxurrekke@hotmail.com helbidera idatzi dezatela azaldu dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!