Denboraldiari amaiera eman dio Intxurre Futbol Taldeak

Ataria 2021eko otsailaren 23a

«Azken denbora honetan pandemiak izan duen bilakaera ikusi, jarri dituzten neurri berri guztiak sakonki irakurri eta izan genitzakeen aukera ezberdinak ongi aztertu ondoren, Intxurre Futbol Taldeak pandemiak guztion segurtasuna bermatzeko behar adina ziurtasun eskaini arte entrenamenduetara ez itzultzea erabaki du», zehaztu dute.

Intxurretik azaldu dutenez, azken egunetan herrialde bakoitzeko futbol federazioen eta Eusko Jaurlaritzak egindako bileretan, «pandemia garaian futbol entrenamenduak berriro ere martxan jarri ahal izateko plan berri bat egituratu da, horretarako beharrezkoa diren neurriak eta arauak zorroztuz». Besteak beste, ondorengoak dira entrenamenduetarako hartu diren neurriak: sei laguneko entrenamenduak izatea, musukoarekin entrenatu beharra, entrenamenduak egin ahal izateko herriko intzidentzia metatua 500dik beherakoa izatea...

Hori horrela, denboraldiari amaiera eman diote printzipioz, «egoeraren bilakaerak guztion segurtasuna bermatu ezean». Gizartean orokorki bizi den egoeraren moduan, «denboraldi arraroa izan da guztiontzat», diote Intxurretik: «Entrenatzaile, zuzendaritza, guraso eta batik bat talde guztietako jokalari bakoitzarentzat; ezin izan baitugu futbolaz aurreko urteetan bezala gozatu». Bestalde, Intxurre Taldea osatzen duten guztien partetik eskerrak eman dizkiete laguntza eskaini dieten guztiei, eta jakinarazi dute hasi direla hurrengo denboraldia prestatzen, «segurtasun osoz parte hartu ahal izango dugun esperantzarekin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!