Bi edo hiru aste egongo da Artola jokatu gabe

Ataria 2021eko urtarrilaren 12a

Argazkia: BAIKO



Atzo egindako proba medikoen arabera, Iñaki Artolak zuntz haustura du eskuin izterreko bizeps femoralean. Igandean jokatutako binakako txapelketako partidan hartu zuen min.

Alegiako aurrelariak, beraz, baja hartu du eta fisioterapia tratamendua hasiko du pilotalekuetara lehenbailehen itzultzeko. Kantxetatik kanpo bi edo hiru aste egongo dela aurreikusten da. Ostiral honetan zuen hurrengo partida binakakoan, eta bere ordez Bengoetxea VI.ak jokatuko du.

Jakak bigarrena ere galdu

Atzo gauean jokatu zuten Jaka-Martija bikoteak binakako txapelketaren bigarren partida, eta hau ere galdu egin zuten. Elezkano II-Zabaleta izan zituzten aurrean, eta 19-22 izan zen azken emaitza.

Jaialdi berean, Iker Elizegik ere bere bigarren partida jokatu zuen promozioko binakako txapelketan, eta Bakaikoa aurrean zuela, 17-22 galdu zuen Alberdi-Salaverri II bikoaren aurka. Punturik ez du batu oraindik asteasuarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!