Kontsumo ohiturak aldatu eta berrerabilpena bultzatzeko ekimena jarri dute martxan

Ataria 2020ko abenduaren 22a

Alegiako Mendi Asanbladak bigarren eskuko materialen trukea eta salmenta bultzatu nahi ditu TRUKEama izeneko ekimenarekin.

Alegiako Mendi Asanbladak kontsumo ohituretan aldaketa eragin nahi du, eta berrabilpena bultzatuz ekimen berria jarri du martxan. "Gaur egun gure gizartean eta gure eguneroko bizitzan hain barneraturik dauzkagun kontsumo ohituren aurrean, gure ingurunea zaintzeko aukeretako bat da berrerabilpena", azaldu dute.
 
Horren aurrean, Alegiako Mendi Asanbladak bigarren eskuko materialen trukea eta salmenta bultzatu nahi ditu. "Honekin berrerabilpenerako kultura gure artean sustatu eta bultzatu nahiko genuke", nabarmendu dute. Egungo egoerara moldatu, eta Whatsapp talde bat sortu nahi dute interesa duten pertsona guztien artean.
 
Interesatuek alegiakomendiasanblada@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute, eta TRUKEama izeneko taldeko kide izatera pasako dira. Talde hori Alegiako Mendi Asanbladako Batzordeak kudeatuko du, eta herritarrak kontsumo ohitura jasangarrien alde egitera animatu nahi dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!