Burujabetza energetikora bidean

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 1a, 17:59

Alegiako Udalak beste urrats bat eman du aurrezpen eta efizientzia energetikoa hobetzeko bidean. Duela urte batzuk hasitako ildoari jarraituz, hainbat proiektu garatu dituzte eta Inaxio Begiristain Kultur eta Kirol Etxean egin den instalazio fotovoltaikoa izan da azkena.

Haurreskolaren eta kiroldegiaren gaineko teilatuan 30 plaka fotovoltaiko instalatu ditu Alegiako Udalak. Instalazio horrek 13,35 kWpko potentzia du eta urtean 14.000 kWh inguru argi indar sortzeko ahalmena du. Instalazioa auto-horniketan oinarritzen da. Hau da, sortzen den energia eraikinean bertan kontsumituko da unean bertan. Hala ere, energia sortzen den momentuan eraikinean ez bada kontsumorik ematen (asteburuetan edo jai egunetan, eraikina itxita dagoenean kasu), sortzen den energia hori sare elektrikora isuriko da eta horren trukean Alegiako Udalak etekin ekonomikoa lortuko du.

Egindako kalkulu eta estimazioen arabera, sortutako energiaren %70 inguru (10000kWh) momentuan bertan eraikinean erabiliko da eta gainontzeko %30a (4000 kWh), soberakin modura sare elektrikora isuriko da.

Instalazio horrekin eraikinaren kontsumo elektrikoa %25 inguru jaitsiko dela aurreikusi du udalak eta horrek urtean 1.300 euroko aurrezpena eragingo duela gaineratu du. Era berean, urtean 4,8 T CO2 gutxiago isuriko dira; "ideia bat egiteko, erregai modura gasolina erabiltzen duen auto batek 50000 km egiteko isurtzen duen CO2 kopurua". 

Ekonomikoki, instalazioaren inbertsioa 14.153,87 eurokoa izango da, BEZ barne. Gastuari aurre egiteko, irailaren 30ean ospaturiko udaleko osoko bilkuran udal aurrekontuetan mailegu aldaketa egitea onartu zuen udal gobernuak aho batez. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du udalak proiektua aurrera eramateko, zehazki 5.473,71 euro. Horri esker, instalakuntza 6-7 urteren buruan amortizatuko da eta hortik aurrera etekinak sortuko ditu udalarentzat.

Azken urteetan aurrezpen eta efizientzia energetikoa hobetzeko hainbat neurri eraman dira aurrera, argiteria publikoa LED lanparekin hornitzea, esaterako. 2013an ekin zion udalak herriko argiteria publikoa eraberritzeari. Kontsumo handiagoa zuten teknologia zaharreko lanparak kendu eta kontsumoan aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa ekarri duten LED teknologiako lanparak ezarri dira. Azken urteetan ia herri osoko argiteria publikora zabaldu da eraberritze hori. Une hauetan, Beistin auzoko eta Bazurkako eremu batzuk geratzen dira eraberritze lan horiek guztiz amaitzeko.

Larraitz Mendebaldeko urbanizazio lanak egin zirenean ere kontuan hartu zen efizientzia energetikoa. 2016an egin ziren lan horietan lurzoru iragazkorra jarri zen, uraren fluxuak lurzorura berbideratzeko.

Alegiako Hiri Antolamendu Plan Orokorrak ere biltzen ditu ildo horretako irizpideak eta 2016an, jubilatuen egoitzako berokuntza sistema eraberritu zenean ere, pellet bidezko sistema ezarri zen, onura energetikoekin.

Oraingoan ordea, pauso bat haratago eman eta energia berriztagarriak herrian bertan sortzeko apustua egin du udalak. Modu horretan, Alegia burujabetza energetikoan jartzeko helburuan lehen urratsak ematen hasi nahi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!