Alegian kontsumoa sustatzeko bonuek harrera oso ona dute

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 19a, 11:57

Alegiako Udalak astelehenean jarri zituen bigarren kanpainako bonuak salgai, eta «arrakastatsua» izaten ari dela azaldu dute

Alegiako Udalak herriko kontsumoa sustatu eta bertako komertzioari laguntza eskaintzeko bigarren kanpaina jarria du martxan. Astelehenetik salgai daude Egin bizia herri bizian kanpainako bonuak kultur etxean, eta abenduaren 20a bitartean erabiltzeko aukera izango da.

Guztira 15 komertziok parte hartzen dute kanpaina honetan. Lehenengoan baino bi gehiago animatu dira ekimenarekin bat egitera. Bonuak erosteko aukera 16:00etatik 20:00etara dago, eta Arantxa Irazusta alkateak argitu duenez, «astelehenean bertan izugarrizko ilara sortu zen bonuak erosteko, eta bi dendetako bonuak salduta geratu ziren».

Komertzio bakoitzeko 40 bonu jarri dituzte salgai, eta oraingoan bakoitzetik bonu bakarra lortu ahalko du pertsona bakoitzak. «Herritar gehiagorengana iristeko egin dugu, eta beldurra genuen ez ote ziren salduko, baina badirudi baietz». Bost euroko bonua eskuratu, eta hamar gastatzeko aukera izango dute bezeroek. «Jendeak oso ondo pentsatu du non gastatuko duen diru hori», dio Irazustak. Herritarrak eta komertzioak «gustura» direlakoan da herriko alkatea, «batik bat nolako abiaduran ari diren saltzen ikusita».

Aurtengo bi kanpainetarako herriko festetan gastatu ez duten dirua ari dira baliatzen, eta hurrengo urterako beste nolabait aurreikusi beharko dutela argitu du. «Pentsatzen nuen ekimen honek muga bat izango zuela, sistema berarekin denbora askoan ezingo genuela jarraitu, eta hurrengo urterako beste zerbait asmatu beharko genuela, baina izaten ari den arrakasta ikusita hurrengo urtean ere jarraitzeko moduan izan gaitezkeela uste dut», esan du.

Eskolara edota medikuarengana inguruko herrietako jendea gerturatzen da Alegiara, eta alkateak garbi azaldu du horiek ere bonuak eskuratu ditzaketela: «Agian lehen aldiz gerturatuko dira, horrela ezagutu egingo dute komertzioa, eta berriz ere bueltatu, eta bertan erosteko ohitura hartzeko aukera egongo da».

Ostalariekin arrakasta handiegirik ez dutela izan aitortu du, baina bi taberna badira. «Abenduaren 20ra bitarte gastatu daitezke, berez, bonuak, baina herritarrei esan nahi nieke lasai erosteko ostalarien bonuak. Momentu honetan itxita badaude ere, bonuen erabilerarako epea ez dugu estu-estu hartuko eta malgua izango da».

Bestalde, deigarri egin zaie elikagai dendek duten harrera: «Arrakasta jatekoak du. Denetariko komertzioak ditugu, baina azkarren saltzen direnak janari dendetakoak dira».

Mikel Garaikoetxeak Garaiko denda du, eta udalak honelako kanpaina martxan jarri izana eskertu du: «Gauza dagoen bezala egonda edozein laguntza da ona eta eskertzekoa».

Lehen kanpainari buruz galdetuta, «oso erantzun ona» izan zuela dio. «Herri txikia denez, dagoen komertzioa oso desberdina da, eta ez genekien nola joango zen. Egoera oso zaila da, eta ez dakigu bonuen eraginagatik izan zen edo ez, baina behintzat jendea animatu zen, eta funtzionatu zuen», azaldu du.

Herritarrak suspertu zituela lehen kanpainak dio Garaikoetxeak, eta bigarrena ere bide beretik doala: «kalean ikusten da eragina duela, hiru egun daramatzagu eta dagoeneko komertzio batzuen bonuak bukatu dira». Lehen kanpainan «berandu xamar» ibili zirela adierazi du, eta herritar batzuk agian ez ziren garaiz jabetu, «baina salmenta ikusita jendeak gustura hartu duela bistakoa da».

Ostalariei keinu bat egin nahi izan die Garaikoetxeak, beraien egoera dela eta, animoak emanez: «Gutxi batzuk sartu dira kanpainan, eta egoera hau egokitu zaie, baina ea hurrengo baterako elkarrekin zerbait egitera animatzen ditugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!