Jolastokia eraldatu nahi dute gaur egun dutenaz jabetuta

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 18a, 07:58

Iturri Zahar Guraso Elkarteak Alegiako eskolako jolastokian ateratako argazkiak bildu nahi ditu, bizipenak jasoz; herritar guztiei parte hartzeko eskatu diete

Alegiako eskolako Iturri Zahar Guraso Elkarteak parte hartze bidez eskolako jolastokia eraldatu nahi du. Duela bi urte hasi ziren eskolako jolastokia aldatu nahian. «Jolastokiak bueltan itxitura bat izateaz gain, ez dago ezer bertan eta hormigoia da», azaldu du Olatz Irazustabarrena guraso elkarteko lehendakariak. Eskola askotan patioetan eraldaketak ematen ari zirela ekarri du gogora, eta zerbait egiten hastea pentsatu zuten Alegian ere.

Alegiako eskolak bi jolastoki ditu. Bata, Haur Hezkuntzako jolastokia edo patioa izango litzateke, eta espazio itxia da. Bestea, toki handiagoa izango litzateke, eta Aralar Institutuari eta Herri Eskolari dagokiona da. Era berean, herriko jolastoki garrantzitsuenetako bat dela azpimarratu dute Iturri Zahar Guraso Elkartetik: «Arratsaldeetan haurrak bertan geratzen dira jolasean».

Auzolanean zerbait egiteko interesa azaldu zuten, eta hasi txikienetik hasi ziren, HHko jolastokia eraldatuz. Alegiako Udalarekin jarri ziren harremanetan ezertan hasi baino lehen: «Eskolak udalarenak dira, eta guk ezer egin baino lehen ea posible izango zen jakin nahi izan genuen». Orduan, udal arkitektoak proiektu bat egin zien, eta horren gainean lanean hasi zen guraso elkartea. Horretarako gurasoez gain, eskolako zuzendaritza eta irakasleak ere parte izan ziren, guztien artean diseinu bat zehaztuz. Gainera, udalak diru partida bat zuela esan zien eskolako patio hori eraldatzeko. Auzolanean egitea espero zuten lanak, laguntza izan zuen beraz.

Egurrezko egitura batzuk ekarri zituzten, eta jolaslekuari itxura aldatu zioten. «Irakasleak oso-oso gustura daude, eta oso pozik», dio Irazustabarrenak. «Beste dinamika bat duelako eta erabat aldatu delako jolaslekua».

Hori aldatzea lortuta, orain patio handiari heldu nahi diote, jolaslekua eraldatuz. Parte hartze prozesu bat eraman nahi dute aurrera, baina kasu honetan, eragile gehiagori eragiten dien tokia denez, eragile guztiekin jarri dira harremanetan.

Jolastokiko argazkiak atera eta iturrizahar@alegiakoeskola.org helbide elektronikora bidaltzea nahi dute. 16 urtetik gorako edozein gaztek parte hartu dezake, eta baita guraso edo edozein herritarrek ere. Beti ere, Alegiako eskolako jolastokiko argazki bat beharko du izan, bizipenen batekin. Helburua ahalik eta ekarpen gehien jasotzea da. Abendua bitarte jasoko dituzte argazkiak.

Guzti honekin iaz hasi ziren, eta iazko ikasturtean ziren aurrera eramatekoak, baina pandemiak harrapatu zituen. Parte hartze prozesu horretan LHko eta DBHko ikasleak zer nolako jolastokia nahiko luketen lantzen ari dira. Ikasleek «gustura» hartu dutela adierazi du jolastokiaren eraldaketa prozesua.

Guzti hau aurrera eramateko Eusko Jaurlaritzak mugikortasunari lotuta dituen diru laguntza batzuetara aurkeztu zen guraso elkartea, eta diru laguntza eskuratu zuen. Behin laguntza esku artean izanda, Tipi Gara elkartearekin jarri dute martxan parte hartze prozesua.

Guraso elkartea izan da bultzatzaile nagusia, baina «talde sustatzaile bat sortu dugu, eta bertan daude udala, zuzendaritzak, irakasleak eta gurasoak». Jolaslekua eraldatu nahi dute, baina eraldatzera iritsi bitartean, hiru fasetan banatuta egingo dute lana: jabetu, asmatu eta eraldatu.

Jabetzea litzateke lehenengoa. «Zer nolako espazioa dugun jabetu behar dugu lehenik eta behin. Eskolako jolaslekuan futbola dela izarra esan dezakegu. Lekurik garrantzitsuena bi ateek eta zelaiak hartzen dute», esan du Irazustabarrenak. Pandemiak gauzak aldatu ditu, eta gaur egun, «ezin da futbol zelai moduan erabili eskola orduetan, baina bai arratsaldeetan», argitu du. Bakoitzak zer nolako jolaslekua ikusten duen jabetzea nahi dute, eta hori argazkien bidez jasotzea. Bakoitzak zein txoko duen bere edo zein erabiltzen duen: «Non egoten garen, eta zer bizitzen dugun. Hori da ekintza aktibatzaile honen helburua».

JABETZETIK ASMATZERA

Jabetze prozesuan daude orain, baina behin asmatu fasean zer nahiko luketen ikustean eta hori posible ote den baloratzean, prototipo bat egingo dute, eta ostean etorriko da jolastokiaren eraldatzea: «Tipi Garakoei pasako dizkiegu jasotako argazkiak eta beraiek fanzine bat egingo lukete».

Hausnarketa prozesu batean sartuko lirateke fanzine horren bidez, eta zer nolako jolastokia ikusten duten argitu beharko dute. «Haurrekin geletan lanketa ezberdinak eginez zer nahiko genukeen aldatzea lortuko dugu, eta hor asmatu fasean sartuko ginateke, hau da, zer nahiko genukeen gure jolastokian, posible ote den eta... hori guztia».

Bukaeran, talde sustatzaile guztiak elkartuta, osatu den prototipoa posible ote den baloratu beharko dute, noski, aurrekontua kontuan hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!