Inauterizalea omen zara?
Bai bai. Nahiz eta txikitan era desberdinean bizitu, nerabezaroan beste era batera eta orain gazte garaian ezberdin bizituagatik, zale amorratua naiz.
Eskolatik edo etxetik datorkizu inauterietarako grina?
Ba egia esan eskolatik. Gogoratzen naiz Ostegun Gizen goizetan eskolara joaten ginen, eta urtero mozorrotu egiten ginen. Festa moduko bat ospatzen genuen, mozorro ezberdinekin, eta eguerdi aldera libratzen ginen, eta gero arratsaldean zezenetara joaten ginen. Eta, bai, eskolatik barru-barruan sartu ziguten inauterietako grina, eta mozorrotzekoa ere bai. Eta nik uste dut hortik datorkidala dudarik gabe.
Beraz, zezenetara joaten zineten?
Txikitan ia egun guztiak berdinak izaten ziren. Goiz samar zezenetara joaten ginen lagunekin, gurasoek lagunduta. Txarangarekin irteten ginen, eta kalean barrena joaten ginen salto batzuk emanez. Gero barraketara buelta bat, eta hor ibiltzen ginen saltsan.
Orain baduzu zezenetara joateko ohiturarik?
Urte asko dira jada ohitura hori galdu genuenetik. Orain beste ohitura batzuk ditugu. Bazkariak direla, potea egiten dugula edo Zaldunita eta Astelehenitan karroza artetik ibiltzen garela...
Sei egun dira, eta hiruretan mozorrotu ohi da. Gustukoa duzu mozorrotzea?
Gustukoa dut mozorrotzea, eta mozorroa, gainera, beti, umore puntu batekin egitea gustatzen zait. Ez zait gustatzen nolanahiko mozorroa, hau da, gertukoei edo orokorrean txantxa pixka bat egiteko aukera ematen duena. Mozorrotzea gustatzen zait umore puntu hori ematen diodalako, eta umore hori bizitzeagatik, eta ez bakarrik inauterietan, baita egokitzen den beste egunetan ere.
Baduzu egun kuttunik edo hutsik egiten ez duzunik?
Huts egiten ez dudan egun asko izaten dira, baina kuttunenak bi esango nituzke. Ostegun Gizena, lehenengo eguna delako, eta gogoz beteta egoten garelako. Gainera, bazkaria izaten dugu, eta asko elkartzen gara, eta bazkalostean ere gogotsu ibiltzen gara. Aparte, igandeko eguna ere asko gustatzen zait. Kuadrilla guztia elkartzen garen egun bat da. Gazteak gara, baina zahartzen goaz, eta kuadrilla sakabanatzen joaten da, eta denok elkartzeko aitzakia paregabea izaten da. Goizetik Tolosara gerturatzen gara, eta toki ezberdinetatik barrena joaten gara karrozak ikusiz giroan erabat sartuta, tabernatik tabernara. Bi momentu horiek dira gogotsuenak, eta batez ere, igandea.
Txaranga aipatu duzu, eta Tolosako inauterien ezaugarrietako bat da. Orain ere gogoko duzu txarangaren atzetik ibiltzea?
Egia da, inauterietako doinu horiek gabe inauteriak ez zirela berdinak izango. Txikitan ez bezala, orain ez daukagu batere ohiturarik saltoka ibiltzeko, ezta dantza egiteko ere. Baino, bai esan, inauterietan doinu horiek entzun gabe sentsazioa ez da bera, eta doinu horiek ematen diete inauteriei xarma berezia.
Mozorroetara bueltatuta, zer zara aldez aurretik prestatzen dituena edo azken momentuan ibiltzen zara mozorroa osatzen?
Urteen poderioz bilakaera bat izan dut. Lehen, orain dela urte batzuk, errazera jotzen genuen eta erosi egiten genuen mozorroa eta huraxe janzten genuen. Baina, orain, azkenengo urteetan batez ere, gustatu izan zait gauza gutxi edota detaile batzuk erosi, eta neronek erabat prestatutako mozorroarekin ateratzea. Horrela kutsu pertsonal bat ere ematen diozu mozorroari.
Etxeko trapu zaharrak bilatuta esan nahi duzu?
Bai, gutxi gorabehera; edo eskulantxo batzuk eginda moldatuz.
Kuadrillan erabakitzen duzue mozorroa, edo bakoitzak berea egiten du?
Hemen ere antzeko bilakaera eman dugu. Lehen guztiok berdin janzteko ahalegina egiten genuen, baina beti izaten genituen desadostasunak. Normalean ez ginen adostasun batera iristen, eta orain dela hiru bat urte erabaki genuen bakoitzak berea egitea.
Prest duzu aurtengorako mozorroa?
Bai, aurtengorako nahiko lasai nabil. Eguberrietatik jada buruan nuen, eta dagoeneko prest daukat. Aurten inoiz baino lasaiago nabil inauterien bezperatan.
Eta baduzu urtero errepikatzen duzun mozorrorik?
Bai. Duela urte batzuk, grazia handia egiten zigun eta Los Simpsoneko Pastel Man-en mozorroa erosi genuen. Aurten ere, astelehenean-edo ziurrenik mozorrotuko naiz. Pastelak ez, baina natarekin eta bueltaka ibiltzen gara jendea zikinduz.
Egunez edota gauez disfrutatzen duzu gehiago? Ala bietan?
Bai. Ibili bai gauez eta bai egunez. Baina dudarik gabe gehiago disfrutatzen da egunez. Inauteriak nahiago ditut egunez bizi. Kalean gehiago ibiltzen zara, jendearekin gehiago hitz egiten duzu,... Inertziaz, normalean, gauez ere segi egiten dugu indarrik baldin bada, baina dudarik gabe egunez dagoen giroa askoz ere gustagarriago egiten zait.