«Neurrira lan egiterakoan bezeroarekin hitz egitea oso inportantea da»

Naiara Roldan de Aranguiz 2020ko ots. 2a, 05:59

Inge Zubeldia alegiarrak urtea bete du izen bereko atelierraren ateak zabaldu zituenetik, Tolosako Berazubi auzoan. Amets bati jarraika, ametsa errealitate bihurtuta, oihal artean betetzen du bere egunerokotasuna.

Marka oso gaztea bada ere, ametsa zabaltzeari ez dio uko egiten Inge Zubeldiak. Begiak mundura begira zabalik ditu alegiarrak eta erronka berriei ekiteko ausardia faltarik ez du. Egunetik egunera markak oihartzun handiagoa izaten baliagarriak zaizkio sare sozialak.

Inge Zubeldia marka zabaltzen laguntzen al dizute sare sozialek?

Sare sozialen mundua zaila da, denbora asko eskatzen du, baina lagundu ere laguntzen du. Gaur egun, behintzat, nire uztez, lagungarriak dira sare sozialak marka baten zabalpenean.

Zenbat denbora lapurtzen dizute sare sozialek?

Egia esan ez dut inoiz kalkulatu, baina esango nuke egunero ordu pare bat kentzen didatela. Lana ondo egin nahi badut behintzat, ordu pare bat lapurtzen dit egunero-egunero.

Zorionak esateko moduan gara. Izan ere, duela urtebete ireki zituen ateak Inge Zubeldia atelierrak. Nolakoa izan da borobildu berri duzun urtea?

Pasa den abenduan urtea bete genuen. Lan pila bat egin dugu, egia esan. Pentsatutakoa baino askoz hobea izan da gure hasiera.

Zer espero zenuen eta zer da jaso duzuna?

Lana edukitzea espero nuen, nola ez [Barreak]. Baina lan asko egin dugu. Gehien bat neurrira aritu gara. Gurea atelier-denda bat da. Horrek esan nahi du bertan egiten dugula lan; batetik, bezeroei arropa neurrira eginez, eta bestetik, salmenta zuzena ere burutzen dugula. Hau da, dendan bertan arropa dugu. Proiektuaren bi lerroak oso ondo saldu dira eta oso pozik gaude jasotako emaitzarekin.

Zer ezberdintasun dago dendan duzuen prêt-à-porter horren eta neurrira egindako arroparen artean? Nolakoa da lan prozesua batean eta bestean?

Prêt-à-porter bilduma zuzenean janzteko moduan dagoen arropa da. Hau da, neurri ezberdinetan. Gure kasuan, S, M eta L neurrian dugu produktu bakoitza. Salmenta zuzena egiten dugu arropa hauekin. Udan bilduma bat ateratzen dugu, beste bat neguan eta ezkontza garairako, ezkontzarako arropa egiten dugu. Prêt-à-porter bildumaz ari garenean beraz, neurri bat probatu eta zuzenean erostea dago Berazubiko dendan bertan.

Neurrira lan egiten dugunean berriz, bezeroarekin hitz egitea oso inportantea da: zer gustatzen zaion, zer ez zaion gustatzen, bere gorpuzkerarekin zer geratuko zaion hobeto. Kolorearena ere beste mundu bat da. Kasu honetan lan prozesu guztia erabat pertsonalizatua sortzen da.

Urtea ospatzeko sari berezia zozkatu duzu zure jarraitzaileen artean, zure produktua ezagutzera emateko sari aproposa da gainera.

Neurrira egindako soineko bat zozkatu dut, bai. Parte hartzaile pila bat izan ditugu. Pozik gaude jaso dugun erantzunarekin.

Gabonak opariak egiteko garaia izaten da. Eragina izan al dute Inge Zubeldiarentzat?

Asko saltzen dugu Gabonetan bai. Guk egiten dugun arropa berezia da. Azken batean, arropa horren prozesu guztia guk egiten dugu, hasi eta buka. Ez da industrializatutako zerbait. Gauzak horrela, jendea gerturatu da Gabonetako oparien bila.

Azkenean, zuenean erosita, esperientzia bat ere oparitu daiteke?

Hori da. Jendeak ez du egunero arropak neurrira egiten. Guk hori esaten dugu gainera, neurrira egitea, neurrira egindako soineko bat izatea, ez da soineko bat erostea, esperientzia bat bizitzea da.

Zer denbora behar du bezero batek, zuen dendan sartzen denetik, neurrira egindako soineko hori jantzita eraman bitarte?

Arropa motaren araberakoa izango da hori. Agian beroki bat egiteko ez da horrenbeste denbora behar, baina ezkontza baterako soineko bat egiteko askoz gauza gehiago izan behar dira kontuan. Guk gomendatzen dugu, ezkontza baterako gonbidatu-soineko bati buruz hizketan ari bagara, lau bat hilabete lehenago gurekin harremanetan jartzea. Eta ezkongai baten soinekoaz hitz egiten dugunean bestalde, sei-zortzi hilabeteko epea behar izango dugu.

Geroz eta lehenago gerturatu hobea izango da bai guretzat eta baita haientzat ere. Antolaketarako askoz hobea da garaiz ibiltzea.


Pluralean hitz egiten duzu uneoro, Inge Zubeldia markak zure izena darama, baina zure bueltan jende gehiagok lan egiten du?

Nire ama eta ni gaude lanean elkarrekin. Biok josi egiten dugu. Diseinatzea, patroiak egitea eta jostea nire lana da eta nire amak bestalde, josi eta bestelako lanak egiten ditu, oihalak moztea, adibidez. Diseinu prozesuan horrelaxe banatzen ditugu gure lanak.

Ama aipatu eta pentsa dezakegu txikitatik patroigintzak, oihalek, orratzek... zure mundua bete dutela?

Ez zait familiatik etorri. Nire amak ez du sekula aurretik mundu honetan lan egin. Beti gustatu izan zaio joskintza eta niri ere txiki-txikitatik gustatu izan zait. Orain ama nirekin dago lanean.

Nola erabaki zenuen hortaz, zure bidea joskintzara bideratzea?

Txikitatik gustatu izan zaidanez, behin karrera erabakitzeko unea iritsi zenean, nahiko argi nuen moda munduan ibili nahi nuela. Bartzelonara joan nintzen ikastera eta nire intentzioa berez, Bartzelonan gelditzea zen, enpresaren batean bertan lanean. Baina Kutxa Kultur programako erresidentzia beka eman zidaten, Tabakaleran, eta orduan nahikoa lan sartzen hasi zitzaidan eta gauzak horrela, erabaki nuen Euskal Herrian geratzeko momentua zela.

Zeure burua Tolosan ikusi zenuen orduan?

Bai. Tolosan arropa denda asko dago, baina ezkongaientzat zuzendutako arroparik ez dago. Hutsune bat ikusi nuen eta bertakoa izanda, aukera ikusi nuen.

Nondik datoz zure bezeroak?

Tolosako jendea badaukat. Donostialdekoak, Zarautzekoak, Ondarroakoa, Bilbokoak... toki ezberdinekoak gerturatzen dira Tolosako dendaraino.

Ezkongaien gaira bueltatuta. Donostian Wed in San Sebastian azokan parte hartu duzu. Nolako esperientzia izan da?

Oso ona. Azkenean ezkontzen munduan aritzen diren profesional asko ezagutu ditut, eta horrek ikasteko aukera ematen dit. Azken batean, nire lehen azoka izan da eta oso balorazio positiboa egin ahal izan dut.

62 diseinatzaile izan dira aipatu azokan. Nola egin berezi zurea, beste 61 ondoan dituzula?

Zaila da. Baina bakoitzak bere puntua dauka. Askotan esaten da zure ondokoa konpetentzia dela. Horrela da, badakit, baina bakoitzak bere puntu hori dauka. Nik badakit niregana datorrena ez dela beste horrena joango, nirea gustatu zaiolako eta alderantziz. Bakoitzak berea egin behar du.

Nolakoak dira Inge Zubeldiaz jantzita ezkondu nahi diren ezkongaiak?

Orokorrean nahiko soilak direla esango nuke. Nire diseinatzeko modua ez da oso errekargatuta; oso silueta sinplearekin egiten dut lan. Ondoren, bakoitzaren arabera detaile batzuk edo beste batzuk sartuko dizkiot, edo ezta bat ere. Nire estiloa nahiko femeninoa dela esango nuke, oso sinple eta soila.

Argazkiak ikusita oihal horiek ukitzeko gogoa ematen du, delikatuak direla ikus daiteke. Errazak al dira lanerako?

Oihalak ikusita nahiko lan delikatua dela antzeman daiteke bai. Oihal hauek aurretiko lan asko eskatzen dute. Tela delikatuekin lan egiten dugunean, tela horiek mugitu egiten dira, tela horiek bizi propioa dute. Horregatik, aurretik egin beharreko lana handia da, baina merezi du.

Koloreei erreparatuta, kolore suabeak, pastelak dira gustukoen dituzunak?

Niri diseinatzaile bezala bai, baina gero beste gauza bat da bezeroa etortzen denean, bezero horri zer gustatzen zaion eta zer den ondo geratzen zaiona. Askotan ez da bakarrik zer gustatzen zaion, baizik eta berari zer geratzen zaion ondo.

Nola uztartzen da diseinatzaileari gustatzen zaiona eta bezeroari gustatzen zaiona, pertsona horrek soinean eramango duena egin bitarte?

Askotan zaila izaten da. Gaur egun jendeak gauza asko ikusten ditu, gehiegi agian, askotan zer nahi duten jakinda etortzen dira. Askok pentsatzen dute gainera, haiei gustatzen zaiena ondo geratuko zaiela. Nire lana hori izaten da; bideratzea eta haiei ikusi araztea zer den ondo geratuko zaiena. Honela, nik uste nigan konfiantza badutela eta kasu egiten didatela.

Nolakoa da zure egunerokoa? Zer lan egin behar izaten dituzu egun baten joan-etorrian?

Egunerokotasuna ikusten dudanaren arabera izaten da eta baita lanaren arabera ere. Batzuetan atelierrean sartu eta patroiak egiten hasten naiz, beste batzuetan diseinatzen hasten naiz... ikusten dudan beharraren arabera antolatuko ditut nire egitekoak. Baina hala ere badira egunero-egunero errepikatuko ditugun lanak: batetik, josi eta patronatu eta bestetik, jendeari harrera egin.

Jende asko sartzen al da Berazubin kokaturik dagoen dendan?

Bai, sartzen da. Ez da masiboa, baina dendak ere ez du perfil hori. Hala ere, jende askok pentsatzen du ezin dela sartu. Gaur egun, urtebete eta gero, atzetik begira geratzen dira eta nik sartzera gonbidatzen ditut. Batzuei kostatzen zaie, beste batzuei ez.

Askori barrura begirako tailer bat dela iruditzen zaie, askotan arropa zintzilik dagoela ikusten dute eta orduan barrura sartzeko hautua egiten dute. Sare sozialak ere erabiltzen ditut, bertan esaten dut, arropa zuzenean erosteko aukera ere badagoela. Horrek ere laguntzen du. Eta marka geroz eta ezagunagoa izateak ere laguntzen du. Jendeak badaki lana nola egiten dugun.


Sare sozialak aipatzearekin batera, zure lanaren oihartzuna jende ezagunak zure arropa soinean eramatea izan daiteke. Horrela gertatu izan zaizu gainera ekitaldi berezietan.

Hori da. Aurten Donostiako Zinemaldian hainbat pertsona nire arropa jantzita joan dira. Niretzat oso esperientzia positiboa izan da.

Zer pertsona ikusi nahiko zenuke zure jantzi batekin? Noraino iritsi nahiko zenuke?

Niri berez berdin dit kaleko edozein pertsona jantzi zein famatu bat jantzi. Baina egia da era berean, famatu bat jantziz gero oihartzun gehiago izango genukeela.

 

Nire burua non ikusi nahiko nukeen erantzutea bestalde erraza da: pasarela garrantzitsu batean ikusi nahiko nuke neure burua.

 

Pixkanaka-pixkanaka aurrera goaz, eta ea iristen garen. Baina horretarako lan asko egin behar da baita ere.

Zer pasarela, behin eskatzen jarrita?

New Yorkekoa, adibidez. Baina horren urrutira joan gabe, Bridal Week-ean parte hartzea gustatuko litzaidake. Gertuago dago, distantziaz noski, ez enpresa moduan, momentuz. Eta aurrerago begiratuta, New Yorken, Milanen, Parisen...

Zure soineko bat desfile batean ikusi zenuen lehen aldia nola gogoratzen duzu?

Aurreneko aldia Bartzelonan izan zen. Bertan ikasi nuen eta proiektu amaierako bildumak Bartzelonako 080 pasarelan desfilatu zuen. Orduan oso urduri nengoen. Pixkanaka joan naiz nerbio horiek menperatzen, baina hasieran zaila izaten zen.

Egia da pasarela bat kanpotik ikusten denean beste gauza bat dela ematen duela: denak patxada-patxadan. Baina desfile baten atzealdean dagoena estresa besterik ez da.

Zenbat jantzi aurkeztu behar izan zenituen?

Zortzi izan ziren. Ikasle pila bat ginen, bakoitza bere proiektu amaierako lana aurkezten. Wed in San Sebastian azokan sei jantzi aurkeztu ditut oraingoan. Azoka horren aurretik Donostiako San Telmo Museoan beste desfile batean parte hartzea tokatu zitzaidan, Donostiako Moda Astearen barruan. Bertan denera 15 jantzi aurkeztu nituen.

Eta desfileen ondoren zer-nolako iritziak jaso izan dituzu?

Oso positiboak. Oso pozik gaude, horrenbeste lan egin eta gero, jendeak zure lana onartzea eta gustuko duela esatea ez da gutxi.

Zer proiektu duzu esku artean?

Lanean jarraitzea [Barreak]. Pixkanaka-pixkanaka hazten joatea eta ea pasarela garrantzitsuaren ametsa betetzea lortzen dugun.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!