"Pirinioetako mendi bat baino arriskutsuagoa bihurtu daiteke Txindoki"

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 28a, 08:59

'Prebentzioari eta mendiko segurtasunari buruzko prestakuntza' saioa izango da gaur, 18:30ean, Alegiako kultur etxean, Euskal Mendizale Federazioaren eskutik.

Euskal Mendizale Federazioaren eskutik Prebentzioari eta mendiko segurtasunari buruzko prestakuntza saioa izango da, gaur, 18:30ean, kultur etxean. Gipuzkoako Mendi Federazioko kidea den Igor Lasa izango da hizlaria, eta saioa biztanle guztiei zuzendua da, bereziki, «mendian orduak pasatzen dituztenentzat».

Zer dago mendiko prebentzioaren barruan?

Azken urteetan ikusi da, urteak pasa eta pasa, geroz eta liburu eta aholku gehiago daudela, interneten denetik dagoela, baina mendiko istripu eta erreskate kopurua eta hildakoen kopurua goraka doala.

Euskal Herriko mendietan?

Baita ere. Ertzaintzaren erreskate taldea 96. urtean hasi zenetik datuak ikusi dira, eta 96tik 2018ra, adibidez, hirukoiztu egin da erreskateen kopurua.

Eta zer dago horren atzean?

Gaur egun mendira joatea edonoren eskuetan dago, eta Euskal Herrian, adibidez, turismo berdea, landetxeak,... oso modan daude. Etortzen diren askori ematen zaizkien gomendioen artean mendira joatearena dago. Jendea ez dago prestatuta, eta edonor joaten da. Oinetako txarrekin, esperientziarik gabe, ibilbidea justu-justu interneten begiratuta edota ostalariak esan dizkion lau azalpenekin. Horietan, askotan, istripu txikiak gertatzen dira: erorikoak, hanka bihurritzeak, golpeak edo mendian galtzea gerta daitezke. Fidatu egiten gara, eta istripuak izateko aukera handiagoa dago.

Horren haritik dator hitzaldi hau?

Larrialdi zerbitzuetatik ikusi zuten zerbait egin beharra zegoela informazioa ahalik eta gehien zabaltzeko. Prebentzio ohitura hauek zabaldu beharra daudela ikusi zuten, eta hitzaldi hauek antolatu dira. Ez dira mendi elkarteetara bideratu, baizik eta udaletxeetara, eta herriko edozein pertsonak parte hartu dezake.

Mendizale batek zer izan behar du kontuan mendira doanean?

Azalduko diren gauza gehienek entzunda logikoak dirudite, baina askotan mendira goazenean edo ibilaldia prestatzen dugunean ez ditugu kontuan hartzen. 'Etxetik gertu da, hemengo mendiak ez dira oso garaiak, nik kontrolatzen dut, eguraldia badirudi ona dela...' eta fidatu egiten gara. Tarteka gomendioak entzutea ondo dator. Jendea kontzientziatu beharra dago. Mendian gaudenean zero arriskua ez da existitzen. Naturan gaude eta edozer gerta daiteke. Garbi izan behar dugu ez goazela herriko kaleetatik, eta beti jarri behar da arreta; batez ere, lasai gaudenean, ia kotxera iristear gaudenean. Istripurik gehienak orduan gertatzen dira. Nekatuta, behar baino ur gutxiago edanda,... momentu horietan gertatzen dira, eta jendeak zorte txarra izaten dela esaten du, baina norberaren errua edo ardura pixka bat bada.

Berdin jokatu behar dugu 1.000 metro azpiko mendira edo Txindokira goazenean?

Bai, beti. Eta gainera, Txindoki bat Pirinioetako mendi bat baino arriskutsuago bihurtu daiteke, baldintzen arabera. Azken momentuko eguraldi aldaketa batekin, lainoa sartzen bazaigu, eta gaizki prestatuta bagoaz, goi mendi bilakatu daiteke. Edozein kolpe hartzeko moduko mendiak dira.

Jatekoa eta ura nahitaezkoak dira?

Gaur egun, gure motxila ahalik eta arinena eta txikiena izatea dago modan. Korrika goaz, eta ez gaude prest garai bateko motxilak eramateko. Gazta erdi bat eraman beharrean lau barrita eraman ditzakegu, baina gutxieneko jatekoa eta edatekoa beti eraman behar dira. Inoiz ez dakigu noiz gertatuko zaigun basoan gaua pasatzea. Ariketa fisikoa egiten ari garenez gorputzari sartu behar zaizkio gauzak, txakalaldiak ekiditeko. Ohitura horiek ez dira galdu behar.

Urak garrantzia du?

Ura da garrantzitsuena. Guk gorputzari ematen diogun gauzarik garrantzitsuena hidratazioa da. Egarria dugunerako, jada, beranduegi izaten da. Litro bat ur beti eraman beharko genuke. Gorputz bat gaizki hidratatuta badago lesioak izatea errazagoa da. Eta buru bat deshidratatuta badago erabaki txarrak hartzeko aukera gehiago daude. Burua ez dago fresko, nazkatuta eta nekatuta dago, eta istripuen gehiengoa erabaki txarren ondorioa izaten dira.

Oinetakoak eta arropari buruz, zer esan?

Gaur egun gabezia gehiago dator formakuntza aldetik. Gaur arropa eta oinetako egokiak lortzeko aukera asko daude. Oinetako kaxkar bat oso arriskutsua da.

Eguraldiari arreta jarri behar diogu?

Garrantzitsuenetakoa da, eta aurreikusi beharrekoa. Zenbat ur eta zenbat arropa eraman behar dugun erabakitzeko, edo zein ibilbide mota egiteko aukera emango digun zehazteko. Guk kontrola ezin dugun gauzetako bat da. Ibilbidean zehar ziurtatzen joan beharko gara, eta aldaketak nola datozen ikusi. Adi egon behar dugu, eta zalantzazko egoeran ez gara gehiegi urrunduko.

Istripu baten aurrean zer?

Normalean urduri jartzen gara, eta zer egin behar den eta zein ordenetan ez dugu asmatzen. Lehenengo gauza lasaitzea da, eta istripu baten aurrean bakarrik egotea gauzarik txarrenetakoa da, eta koberturarik ez badugu, zer esanik ez. Beti, garrantzitsuena antolatzea da, baloratu, eta taldean bagaude lanak banatzea. Hotz jokatzeak laguntzen du.

*Elkarrizketa osoa entzuteko, egin klik hemen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!