Langaurreko erabiltzaileei arduraz jokatzeko deia egin die udalak

Ataria 2019ko abuztuaren 6a

Alegiako Udalak herritarrei gogorarazi die, norberak sortzen dituen hondakinak norberak eraman behar dituela

Alegiako Udala "kezkatuta" agertu da Langaurreko atsedenlekuan agertzen ari den zabor kopuruarekin. Langaurreko hainbat erabiltzailek bertan uzten dituzte sortzen dituzten hondakinak eta hori dela eta, udalak adierazi du hainbatetan "itxura negargarria" izaten duela atsedenlekuak. Langaurren hondakinak uztea guztiz debekatuta dagoela gogorarazi eta erabiltzaileei arduraz jokatzeko deia egin die udalak: "Guztion artean zaindu beharreko eremua baita, Langaurrez gozatzen jarraitu nahi bada behintzat".

Hondakinei eta Zoru Kutsatuei buruzko 22/2011 Legeak hiru arau hauste mota bereizten dituela gogorarazi du udalak: "Arinak, larriak eta oso larriak. 900 eta 1.750.000 euro bitarteko isun ekonomikoak aurreikusten ditu lege horrek, arau hauste mailaren arabera".

Gauzak horrela, arduraz jokatzeko eta ingurumena zaintzeko deia egin, eta arazoak berdin jarraitzen badu, bestelako neurriak hartu beharko dituela jakinarazi du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!