Iñaki Artolak sufrituta lortu du final-zortzirenetarako txartela

Ataria 2019ko ekainaren 3a

Lau eta erdiko San Fermin Txapelketaren kanporaketa jokatu zuen larunbatean alegiarrak, Agirreren aurka Labriten. 22-19 nagusitu zen Artola.

Akatsek erabaki zuten azkenean Iruñeko partida; eta arlo horretan irabazlea Asier Agirre izan zen. Iruindarrak 15 kale egin zituen bitartean, Artola 7an geratu zen. Markagailuan hasieratik nagusi izan zen alegiarra. 14-6koarekin partida bideraturik zuela zirudien, baina Agirre ez zegoen amore emateko eta 20-19 jartzea lortu zuen. Kaleak kale, bi pilotariek erremate ederrak egin zituzten. Artolak egindakoen zakuan sei tanto eta sake bat sartu zituen. Agirrek bi sake sartu zizkion alegiarrari, 10 tanto egiteaz gain. 261 pilotakada izan zituen partidak, eta amaieran, asko sufrituta, Iñaki Artolak irabazi zuen 22-19.

Garaipen horrekin sanferminetako Lau eta erdiko txapelketaren final-zortzirenetan sartu da alegiarra. Bere hurrengo aurkaria ez da edonor izango: buruz buruko txapelduna edo txapeldunordea izango dena. Ekainaren 14an jokatuko da Urrutikoetxearen aurkako partida hori Arrigorriagan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!