Joan den igandeko udal hauteskundeetan, emaitza onak lortu zituen Aurrera Alegia alderdiak. Estreinakoz aurkeztu ziren alkatetzara eta, 421 botorekin, 4 zinegotzi eskuratu zituzten, EH Bilduk (481 boto) baino 60 gutxiago. «Ez daukagu hitzik herritarrek gugan jarri duten konfiantza eskertzeko», dio Regina Sorrarain alkategaiak: «Lehen aldiz aurkeztu, eta lortutako emaitzak izugarriak direla iruditzen zaigu».
Herriak erabakitzen zuen lekutik lan egitea agindu zutela gogorarazi nahi izan dute: «Eta horrela izango da. Oposiziotik arituko gara, herriko egunerokotasuneko arazoei aurre egiten, gure bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko laguntzen, baita herri erakargarri bat eraikitzen ere». Erantzukizunez eta arduraz arituko direla aitortu dute: «Herriari entzun eta, gure programatik aparte, edozein herritarren kezka eta arazoak konpontzen saiatuko gara».
Arestian aipatu bezala, Aurrera Alegia alderdiko lau zinegotzi izango dira, datorren lau urteetan, udaletxean: Regina Sorarrain, Andrea Larrañaga, Maialen Landart eta Pili Palomares.