Arantxa Irazusta Etxeberria izango da datozen lau urteetan Alegiako alkatea. EH Bilduko zerrendaburuak, zortzi urtez alkate izan den Unai Iraola alderdikidearen eskutik jasoko du aginte makila.
EH Bilduk 481 boto eskuratu ditu, eta Aurrera Alegia taldeak, berriz, 421. 60 botoren aldea atera dio Irazustak, Regina Sorarrain zerrendaburu duen taldeari. Alegiarren %73,55ak parte hartu du udal hauteskundeetan.
Aurrera Alegia lehen aldiz aurkeztu da udal hauteskundeetara. EH Bilduk, berriz, botoak irabazi ditu. Duela lau urte baino 25 boto gehiago jasoz. PSE-EE alderdiak jaitsiera izan du Alegian, 14 boto eskuratuz. Duela lau urte baino 10 gutxiago.
Irazusta «ilusioz»
Xanpain fresko artean gustura azaldu da datozen lau urteetan alkate izango den Arantxa Irazusta, baina era berean, urduri: «Bagenekien justu ibiliko ginela, eta diferentzia handiegirik ez genuela izango, baina bost zinegotzi eta lau izango ginela pentsatzen nuen». Konforme geratu dela emaitzarekin dio Irazustak, eta «inguruko jende guzti honek merezi zuen emaitza hau. Lehendik zeuden zinegotziek, oraingo nire taldeak, eta Bilduren inguruan mugitzen diren guztiek merezi dute», esan du.
Egunero-egunero izan duela laguntza azpimarratu nahi izan du, herritarrei eskerrak emanez. «Ez dakit bihartik aurrera zer tokatzen den, baina lanean eta ikasten jarraitzea izango da», dio ospakizunen erdian.
Ilusioz ekingo dio etapa berriari: «Ea lau urteetan programan jarri ditugun asmo guztiak eta gehiago gauzatzeko denbora ematen digun».
Sorarrain «gustura»
Aurrera Alegiak lehen aldiz parte hartu du Alegiako udal hauteskundeetan, eta Sorarrain gustura geratu da: «Lehen aldiz aurkeztu gara, eta uste dut oso emaitza onak lortu ditugula» azpimarratu du Sorarrainek. «Oso gustura gaude herriak emandako erantzunarekin», dio, eta balorazio positiboa egin dute Aurrera Alegiakoek. Beraien izenak dioen moduan, beste behin azpimarratu du Alegiaren alde lan egingo dutela. Gogoz sartuko dira udalean, eta beraien programan esandakoak aurrera ateratzen saiatuko direla adierazi du, EH Bildurekin batera lan eginez.