"Herri erakargarri bat egin nahi dugu"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 17a, 08:57

Herriaren alde lan egin nahi du Regina Sorarrain Aurrera Alegiako alkategaiak, eta lehen puntuan jarri dute herritarren kezka: hondakinak eta herriaren txukuntasuna.

Regina Sorarrain Lasak (Alkiza, 1969) urteak daramatza Alegian bizitzen eta, irakaskuntzan lan egiten badu ere, Alegia herriaren alde lan egiteko gogoak zerrendaburu izateko grina piztu dio.

Zer dela eta sortu duzue Aurrera Alegia taldea, udal hauteskundeetarako?

Hauteskundeekin batera, badakigu politikarekin erabat lotuta dagoela, baina guk ez dugu politika moduan ikusten, baizik eta herrigintza moduan. Inork ez dugu eskarmenturik politika munduan, baina bai herrigintzan. Ohituta gaude herrigintzako hainbat batzordetan lan egitera. Herritik jaio gara, eta herrirentzat egin nahi dugu lan.

Nolako taldea osatu duzue?

Talde ahalik eta heterogeneoena sortzen ahalegindu gara. Ezberdintasun horrek oreka handia ematen digula iruditzen zait. Denetariko gizartea dugu gaur egun, eta gu horren isla gara; baina gauza batek batzen gaitu, Alegiak. Herriaren alde lan egin nahi dugu. Herria hobetu, eta gure eta herritarren bizi kalitatea hobetu dadin. Eta, batez ere, gure ondorengoentzako eta kanpotik datozenentzako herri erakargarri bat egin nahi dugu.

Zein izango dira zuen lan ildo nagusiak?

Hainbat herritar eta eragilerekin hitz egin ostean, osatu dugu herri programa. Gure lehen puntua hondakinak eta herriaren txukuntasuna izango dira. Kezka handia sortzen du herritarrengan, eta birziklatzea bai ala bai bada ere, datu guztiak mahai gainean jarriko ditugu. Galdeketa lotesle bat egingo dugu, herriak zein bilketa sistema nahi duen jakiteko. Kartelei begira, berriz, ordenantza bat egingo dugu.

Zein proiektu landuko dituzue?

Eraikuntza aldetik, osasun etxea izango da gure erronka, eta segituan jarri behar dugu Osasun Sailarekin harremanetan. Hamaika herritako haurrak etortzen dira pediatrarengana eta, espazio faltaz gain, irisgarritasun arazoak ditugu. Eraikin berean erretirodunen etxea dago, eta oso kezkatuta daude duen egoera txarragatik. Eskolek ere gabeziak dituzte, sarrera-irteera, komunak edota estalki baten beharra, eta, kasu honetan, eskola komunitate osoak parte hartu beharko du. Tren geltokia oso arriskutsu dago, eta irtenbidea eman behar zaio. Eta Frankoni gunean toki ireki bat proposatzen dugu. Adinekoei emango diegu protagonismoa, eta bailara guztirako bideragarri izango litzatekeen eguneko zentro bat.

Zer eskainiko diozue herriari?

Haur, gazte, heldu eta adinekoentzako aisia. Oso behar ezberdinak ikusten ditugu, eta dagoena bultzatu egin behar dugu. Herriko kultura eta kirol eragileei gure laguntza osoa eskainiko diegu. Denekin eseri gara, eta guztiak edukiko ditugu kontuan. Bizkarrezurra hori da, baina beste gai batzuk ere baditugu: Langaurreren egoera kaxkarra; Oria ibaiarena; Larraitz auzoko plaza; babes ofizialeko etxeen beharra baden edo ez; eta hainbeste eskatzen den igerilekua. Hau guztia ezin da eman udal ireki eta garden bat gabe, eta oso garbi dugu herritarren eskura jarriko dugula udaleko informazio osoa.

Aurreko agintaldiaren baloraziorik egin duzue?

Atzera baino gehiago, aurrera begiratu nahi dugu, gure izenak esaten duen moduan. Programan jaso ditugunak herritarrek eskatutakoak dira, eta horrek esan nahi du gauzak badaudela hobetzeko. Gu horretarako gaude hemen, Alegiaren alde egiteko, beste taldeekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!