Arantxa Irazusta Etxeberriak (Alegia, 1966) gogotsu hartu du alkategai izateko erronka.
Zergatik eman diozu baiezkoa alkategai izateari?
Aukera eskaini zidatenean, denbora bat hartu nuen ondo pentsatzeko, eta ikusi nuen jarrai nezakeela aurrekoek egin duten lan horrekin guztiarekin. Interesgarria iruditu zitzaidan. Ez nuen nahi herria alkaterik gabe geratzerik, ezta atzerakoia den alkate bat izaterik ere. Ondo ikusten dut herria azken urteetan, eta jarraipen bat ematea gustatuko litzaidake. Jarraipena emateko gogoa banuela ikusi nuen, eta baita energia ere. Era berean, nire lan esperientziak lagunduko didala uste dut, herria kudeatzen.
Lehen aldiz politikan?
Bai, lehen aldiz. Animatuta nago, eta lanerako gogo handiarekin.
Zein talde mota osatu duzue?
Elkarri lagungarri izango garen pertsonak elkartu gara. Batek gabeziaren bat badu, alboan izango du beste bat, gabezia hori betetzeko. Denon artean talde oso-oso eraginkorra osatu dugula uste dut.
Azken agintaldiaren jarraipena izango zarete, beraz.
Gure asmo eta kontzientziak era sozial batean funtzionatzea eskatzen digu. Balore ezkertiarrei eutsi egin behar diegu, beste batzuk fuerte datozela ematen duen garai hauetan, urte askoan gizarte honek lortu dituen baloreak hankaz gora joateko aukera ikusten dugu eta.
Zein izango dira zuen lan ildo nagusienak?
Bizitza sozialari bultzada emango dioten proiektuak ditugu; baita osasungintzari lotutakoak ere. Gizarte alorrean lanean ari direnei bultzada emango diegu. Egunero-egunero gauza berriak sortzen ari zaizkigu, eta egingarriak direnak, gainera. Jende ezberdina bizi gara, bai erlijio, bai arraza aldetik, eta horien guztien lokarri hizkuntza dugula pentsatzen dugu. Argi dugu euskara landu behar dugula maila guztietan; lokarri izan dadila.
Proiektu zehatzik izango duzue, ordea.
Bai. Eskolako jolastokian gune estali bat jarriko dugu, baina eskola komunitatearekin adostu beharko dugu, nolakoa izan behar duen. Bestetik, Bulebarrean kiosko bat jarriko genuke, betiere, herritar guztien artean galdeketa bidez-edo erabakiko litzateke nolakoa beharko lukeen. Eta inguru horretan bertan osasun etxe berria egin nahiko genuke. Frontoia, kultur etxea eta eskola ingurune berean geratuko lirateke, zerbitzu publiko gehienak bertan bateratuz. Herriaren erdigunean eta irisgarritasun onarekin. Programatik kanpo, dagoeneko eguneko zentroaz lanketa egiten ari gara. Egunerokoan, kalean, herritarrek eskaerak egiten dizkigute eta, egia esan, ideiak ematen dizkigute.
Zer eskainiko diozue Alegiari?
Herri partaidetza areagotu egingo dugu eta, herriari bakarrik begiratu gabe, Tolosaldeari begiratu beharko diogu, elkarrekin gauzak egiteko. Bakoitza bere bidetik joan gabe, inguruko herriekin lotura sendotu nahiko genuke. Aurrera begira eta datorkigunaren zain gaude. Etorkizuna landu nahi dugu. Herri izaera indartu nahiko genuke. Gure programa ez da herriko zulo guztien argazkia atera eta paretan jartzea, hori baino dezente gehiago eskaintzen dugu.
Zer moduz daramazu hauteskunde egunera bitartekoa?
Urduritasuna bai, baina herri batek eskatzen duena egiteko gai naizela sinetsita. Indarra badut, eta laguntza ere izango dut.